2019ko saninazioetako kuadrilla-irabazlea

Serbesa eta Askatasuna: "Gora Serbesa, gora kuadrillak eta gora saninazioak!"

Iker Rincon Moreno 2022ko uzt. 27a, 10:57

Serbesa eta Askatasuna, kuadrilla-argazkian.

Jaiak berreskuratuta, ohiturari jarraitu eta aurreko festetako kuadrilla irabazleak irakurri beharko du aurten ere pregoia. Oraingoan, baina, duela urte bi irabazitakoa izan beharko da, hau da, Serbesa eta Askatasuna. Zelan bizi izan zuten 2019ko garaipen hura gazteok? Eta zer aurreikusten dute 2022ko saninaziootan?

Kuadrillen txapelketa irabazi zenutenetik urte bi igaro dira. Oraindino gogoan duzue garaikurra altxatu zenuten unea?

Gogoan daukagu bai… Egia esan, ez genuen irabazterik espero, eta ezustekoan harrapatu gintuen. Ospakizuna lotsagarria izan zen, gutako bakarra igo zen agertokira garaikurra jasotzera. Shockean geratu ginen.

Luze egin zaizue geldialdia jaiak berreskuratzeko?

Bai, luzeegi. Guztiontzako aguanta ezinak izan diren urteotan gazteok ditugun beharrak alboratu dituztela uste dugu, errudun sentiarazteraino askotan. Ezin dugu poliziak gazteokin izan duen jazarpena alde batera utz; pandemiak iraun bitartean jaso ditugun isunak kontaezinak izan dira. Garai latzak denontzat izan direla kontutan izanik, badago isunak eta ostiak erabili barik gauzak egiteko modua; hori sinetsi nahi dugu.

Pandemian baztertu izan diren behar batzuk asetzeko garaia izaten dira jaiak gazteontzako: errutinatik ihes egiteko, harremanak sortzeko, ondo pasatzeko eta jende ezberdina ezagutzeko une ederra. Azken bi urteetan oso aukera gutxi izan ditugu gazteok behar horiek asetzeko, eta eskerrak herrian dauden eragile asko, traba handiak jaso dituzten arren, borondate onenarekin kezkak arindu eta auzokideei zer egitekoak antolatzen ahalegindu diren.

Zeintzuk izan ziren 2019ko proba haiek guztiak irabazteko gakoak?

Zerbeza eta jarrera. Ez dugu irabazteko asmoarekin parte hartzen, ondo pasatzeko baizik. Horregatik, proba edozein dela ere, inprobisazio osoz jokatzen dugu. Denboraz antolatu behar izaten garenean desastre samarrak gara, hobeto moldatu ohi gara momentuan bertan ditugun ideiekin.

"Ez genuen irabazterik espero, eta ezustekoan harrapatu gintuen. Ondorioz, ospakizuna lotsagarria izan zen. Aurten, baina, irabazteko asmorik ez dugun arren, halakorik lortuz gero, hobeto ospatzen ahaleginduko gara"

Aurten, ohi bezala, zuei egokituko zaizue pregoia irakurtzea. Zer mezu helaraziko duzue?

Ez gara pregoia idazten hasi, eta bueltatxo batzuk eman behar dizkiogu oraindik. Dena den, badakigu etikak berak eskatzen dizkigun eta, tristeki, sekulan idatzi nahi ez genituzkeen gauzak idatzi beharko ditugula. Denbora asko pasa da azkeneko jaietatik, eta, tamalez, badaude aldatu ez diren gauzak, akabatu beharko liratekeen beste zenbait birus ditugulako inguruan, eta horren aldarria egitea beharrezko ikusten dugu. Jai atarian beharrezkoa da argi geratzea, askatasunez, errespetuz eta inolako diskriminaziorik gabe, jaietan guztiok gozatu behar dugula.

Aurten ere parte hartzeko asmorik duzue?

Bai, noski! Algortako jaietan kuadrillek sortzen dutena paregabea da. Kuadrillen giroak harremana sortzen du herriarekin: herria alaitu egiten dute eta, aldi berean, giro horrek kuadrilla guztiak gozaraztea eragiten du. Herrikoak izanik, arraro eta aspergarria irudituko litzaiguke txapelketan parte hartu barik geratzea. Txapelketak kuadrilla eskasia izan duen urte batzuen ostean, pozgarria da azkenaldian parte-hartzen ari den kopurua. Algortako kuadrillak inoiz baino biziago bueltan datozela ematen du.

Eta irabazteko?

Ez. Esan bezala, gure helburuak beste batzuk dira… Horiek betetzearekin guretzako nahikoa da. Hala ere, ondo pasatzeaz gainera,  berriz ere garaile ateratzen bagara, hitz ematen dugu hobeto ospatzen ahaleginduko garela aurten.

Zer nabarmenduko zenukete jaiotaz?

Edozein jaitan aurki dezakegun gaugiroaz aparte, egunean zehar egitarau osoa izaten dugula. Lau egunean herri osoan antzematen da jaietan gaudela. Egoten diren herri-bazkariekin eta kuadrillen txapelketarekin, egun osoa kalean egoteko aitzakia dago.

Zeintzuk proba dituzue gogokoen?

Jaitsiera eta bazkaria. Lehenengoan ez gara denboraz prestatzen ditugun horietakoak, eta azken egunetan denboraz larri ibiltzen gara. Hala ere, izaten dugun jarrerarekin, ideiarik kutreenari bere onena ateratzen diogula uste dugu, eta bikain pasatzen dugu.  Bazkariak ordea, egun osoan lagunen artean egoteko aitzakia ematen digu. Goizeko probetatik gauera arte geratzen den hutsune hori lotzeko haria da.

Gau ala egunekoak zarete?

Ez diogu gaueko parrandari ezetz esango, eta, gauero txosnetan ikusiko gaituzuen arren, egunarekin geratzen gara saninazioetan. Oso kalezaleak gara, horregatik, jaiek arrazoi gehiago ematen digutelakoan, eta egunak duen egitaraua aitzakiatzat harturik, eguna nabarmenduko genuke.

Zelan baloratzen duzue festak prestatzen dabilen jai-batzordearen lana?

Ezinbestekoa. Jaiegunen batean pausatu beharko ginateke denok eta ingurua aztertu; talde txiki batek jai erraldoi bat antolatzeko duen kapazitatea mirestekoa eta, batez ere, eskertzekoa da.

Pertsona gutxik parte hartzen dute horretan; etorkizun hurbilean zuen burua ikusten duzue jaiak antolatzen?

Herriarekin konpromiso eta inplikazio handia dugun kuadrilla garela uste dugu, herrian dauden hainbat ekimenetan laguntzeko prest azaldu ohi gara beti. Argi dago kasu honetan konformatzerik ez dugula, eta, jaien antolakuntzan kuadrilla guztion inplikazioa areagotu dadin, batzordeak denon arteko hausnarketa bat merezi duela.

Ildo horretan, txosnak ixteko ordua nahikoa dela deritzozue?

Lau egun soilik irauten duen jai batzuetan txosnak girotzen duen musikarekin horren zorrotz jokatzeak desesperantea iruditzen zaigu, batez ere, musika baimena 03:30ak arte irauten duen egunetan.

Ondorioz, juergarako gogoa dugun herri honetako gazteok behartuta egoten gara gaupasa era "desegokian" egitera.

Denok dakigu gaugiroa goiz mozten denean ez dela zaratarekin bukatzen, ezta juergan dagoen pertsona guztien parranda gogoekin bukatzen. Gogo horiek asebetetzeko txosnen osteko raveak eta karroen jaiak antolatu egiten dira eta, zoritxarrez, badakigu nola bukatu diren azken urteetan. Hori guztia ekiditeko aukerak baditu Udalak. Asmo pixka batekin dena da posible.

Erlazionatuak

Algortako San Inazio jaiak

Iker Rincon Moreno 2022 uzt 05 Getxo

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun