Elkarretaratzean, feministek baieztatu dute bart “hainbat ziztaden” berri izan zutela, Algorta San Inazio jaien bigarren jardunaldian murgilduta zegoenean. Azaldu dutenez, hiru emakumek osasun-zerbitzuetara jo zuten ziztada bat nabaritu ondoren zorabio sentsazioa izan zutelako, eta, ordu batzuk geroago, gizon batek ere ziztada jaso izanaren abisua jaso zuten, txosna-gunean.
Mugimendu Feministarentzat, ziztaden teknika horrek emakumeak ditu jo puntuan, “gu eta gure gorputzak nahi dituzte erasotu. Eta hala ere, ziztatu ostean sumisio kimikorik gertatzen ez diren kasuak ere salatu nahi ditugu, emakumeok* beldurtu eta jai eremuak guretzako seguruak ez diren espazio bihurtzeko. Ziztada, beraz, droga eraso bat baino askoz gehiago da”.
Horrez gainera, Getxoko Udalaren jarrera deitoratu dute, “protokoloak berritu, erasoak salatzeko puntuak jarri, arreta-guneak bermatu eta herri mailako esku-hartze bat bideratu beharrean, Mugimendu Feministaren eskaerei eta proposamenei entzungor egin eta arduragabekeriaz” jokatu duelakoan.
“Ez dugu Getxoko Udalak zabaldutako oharra gure egiten”, azpimarratu dute. Izan ere, horrek zabaldu du ez Ertzaintzak ezta Udaltzaingoak ez dituztela daturik ezta salaketarik baieztatzeko mota horretako erasorik egon denik baieztatzeko, “erasotuen testigantzak eta hitza” kontutan hartu gabe.