Horretaz gain, aurtengo kontu orokorra onetsi zituzten, gobernu-taldea osatzen duten EAJ eta PSE-EE taldeen aldeko botoakaz, PPren aurkako botoakaz, eta EH Bildu zein Elkarrekin Podemos taldeen abstentzioakaz.
Hauxe nabarmendu zuen Uriartek: "Udalak aurrezki garbia sortzeko gaitasuna du, horren bidez udal-azpiegiturak hobetzeko inbertsioak finantzatzen jarraitzeko, herritarren mugikortasuna geroz eta jasangarriagoa izan dadin eta udalaren energia- nahiz ur-kontsumoa urtetik urtera eraginkorragoa izan dadin”.
Erakunde autonomoei dagokienez, Udal Egoitzak % 7,12 handitu zuen gastua 2020. urteagaz alderatuta, eta egoitzako langileen gastuak (inbertsioa) % 9,14 igo ziren. "Izurriteak eta pandemiako olatu bakoitzean egondako kutsatzeen bilakaeraren arabera mugikortasunari nahiz elkarrekintza sozialari lotutako murrizketek markatutako urtea izan zen. Osasuna zaintzearen aldeko erabateko apustua egin genuen, batez ere talderik zaurgarriena babesteko —Udal Egoitzan bizi diren pertsonak, alegia—, eta kontuak horren erakusgarri dira", gehitu zuen Uriartek.
Bestalde, Kultur Etxearen gastuak % 36ko gehikuntza izan zuen, Getxon sortutako, pentsatutako, ekoitzitako, kontsumitutako edo gozatutako inbertsioaren ondorioz, eta Getxoko kirol-jardueraren eskaintza guztia suspertzeko urtea ere izan zen.
Bere aldetik, PPk zera adierazi zuen: “2021eko kontuek erakutsi dute EAJ ez dela aurrekontua egikaritzeko gai. Getxon dauden beharrizan guztiak aintzat hartuta, gobernuak ia 34 milioi euro ditu soberan; diru hori zergadunen poltsikotik ateratzen da eta, besteak beste, honako hauetan inbertitu ahalko lirateke: gizarte-laguntzako etxebizitza eta gazteentzako alokairuko etxebizitzak; merkataritza, itxi ez dadin; turismoaren sustapena; herritarrentzako gizarte-prestazioak; aparkalekuak Areetan, etab."
Mozioak
Mozioen kapituluan, testigantza-izaerako sei onetsi zituzten. Aho batez onetsi zuten Elkarrekin Podemos taldearen mozio bat, udal-gobernuak transakzionatu zuena. Horren bidez, hauxe eskatu zuten: animaliak edukitzea eta babestea arautzen duen ordenantza eguneratzeko, 9/2022 Lege Autonomiko berrira egokitzea (horretarako, 2023ko arauzko egutegian sartuko da); urteko aurrekontu-kreditua mantentzeko, animalien harrapaketa, antzutzea, markaketa eta itzulera barne hartzen dituen HAMI proiektuagaz jarraitze aldera, boluntarioakaz eta erakunde animalistakaz lankidetzan; eta administrazio-akreditaziorako protokolo bat egiteko, kolonia horiek zaindu eta elikatu gura dituztenak, Udalagaz modu ofizial, ordenatu eta koordinatuan egin ahal izan dezaten, betiere aipatutako legea betez.
Era berean, ontzat eman zuten Elkarrekin Podemos taldearen beste testu bat, udal-gobernuak ere transakzionatu zuena. Horren bidez, hauxe eskatu zuten: merkataritza-elkarteei proposatzeko, xede horretarako gaitutako espazioetan —esate baterako, Enpresen Kontsulta Foroan— eztabaidatu eta aztertu dadin Getxo Modako hurrengo lehiaketetan programaren zati bat dibertsitate funtzionala duten pertsonentzat izatea, eta proposamena lehiaketako antolakuntzari nahiz dibertsitate funtzionala duten kolektiboei helarazteko, euren kezkak, eskaerak eta beharrizanak aintzat hartu ditzaten.
Halaber, Elkarrekin Podemos taldearen beste mozio bat onetsi zuten eskatzen zuena Energia Aholkularitzako Bulego bat sortzea. Bulego horrek Getxoko herritarrei eta enpresaburuei etxeetan eta egunerokotasunean trantsizio energetikoa eta ekologikoa egikaritzeko tresna baliagarriak eskuratzeko laguntza emango die. Horretarako, doako hainbat zerbitzu eskainiko ditu, eta koordinazioan eta lankidetzan arituko da energia-trantsizioan eta -aurrezpenean parte hartzen duten eragileakaz.
Osoko bilkura horretan, PPren bi mozio ere onetsi zituzten. Batetik, eskatu zuten urte osoan zehar udal-ordainagiriak helbideratu ahal izateko zerbitzu arina eta praktikoa instalatzeko, aurrez aurrekoa nahiz telematikoa; horren harira, udal-gobernuak adierazi zuen aurreikusita duela neurri hori ezartzea. Bestetik, eskatu zuten udal-inbentarioaren parte diren ondasun historiko-artistikoak mantentzeko lanak hobetzeko neurriak hartzeko, hala nola ondasun horietan identifikazio-plakak jartzea.
Horrez gain, ontzat eman zuten EH Bildu taldeak aurkeztutako testua, adinekoei zuzendutako estimulazio kognitiboko tailerren eskaintza handitzeari buruzkoa.
Ekaineko Osoko Bilkuran gertatu zen bezala, Romoko Ibar Nagusien Etxea Elkarteko ordezkariek eten zuten Osoko Bilkura, Lope de Vegako eraikinak eraistearen aurkako protesta eginez. Bertan, Bizkaiko Foru Aldundiak eta Getxoko Udalak Belaunaldien arteko Zentro bat eraikitzea planteatu dute, mendekotasuna duten adinekoentzako 100 egoitza-plazagaz eta gazteentzako alokairuko 40 apartamentugaz. Azkenean, Udaltzainek atera zituzten elkarteko kideak udalbatza-aretotik.
Jendearen eskariei eta galderei dagokienez, Andra Mari Gure Lurra auzo-elkartekoek parte hartu zuten, ohikoa denez, HAPO-Hiri Antolamendurako Plan Orokorraren aurrean dituzten interesak defendatzeko.