Gaur ere, Getxoko Udalbatza bilduta zegoela, osoko bilkurara jo dute Ibar Nagusien Etxea elkarteko kideek euren aldarrikapenak ozen oihukatzera. Talde politikoen eztabaida eten dute ekintzaileek eta udaltzainek banan-banan kanporatu dituzte "eraisketari ez!" garrasien artean, Getxoko EH Bilduk sareratutako bideo honetan ikus daitekeenez.
Itzubaltzeta/Romoko Ibar Nagusien Etxeko kideek euren aldarrikapenak eroan dituzte gaur ere Getxoko osoko bilkurara. Tokiko gobernu-taldeak (EAJ eta PSE-EE) elkarte horrek erabiltzen duen Lope de Vega kaleko 12 zenbakiko udal-eraikina eraitsi gura du Bizkaiko Foru Aldundiagaz batera Belaunaldien Arteko Zentroa eraikitzeko. Horretarako, elkartea kanporatu behar dute azpiegituratik, baina, horiek, euren aldetik, ohartarazi dute ez dutela bertatik alde egingo eta "ahal dutenera arte" iraungo dutela bertan.
Udalak uztailaren 26a ezarri zuen eraikina husteko epemuga gisa, halere, elkarteak joan den barikuan errekurtsoa jarri zuen epaitegietan kanporatze-agindu horren kontra. Hala, hustuketa, momentuz, geldiarazita dago eta nagusiak bertan daude oraindino ere, ebazpenaren zain.
Irakurle agurgarria:
Garai latzak dira. Ia egun batetik bestera gure bizimoduak hankaz gora jarri ditu birus batek, eta kolokan daude gauza asko. Hedabideontzat ere ez dira garai gozoak, noiz eta gure lanaren beharra inoiz baino agerikoagoa denean. Horregatik, zure laguntza materiala ere behar dugu aurrera jarraitzeko.
Honenbestez, HIRUKAlagun egitera animatzen zaitugu, urtean 35 euroko ekarpena eginda. Horretarako, jarri gugaz harremanetan administrazioa@hiruka.eus helbidera mezu bat idatziz edo beheko botoiari sakatuz.
Izan zaitez HIRUKAlagun