Guztira, Irene Pera igerilariak lau domina eskuratu ditu aurreko astean egin zen Espainiako Haur Mailako Udako Igeriketa Txapelketan: lehen jardunaldian, uztailaren 28an, urrezko domina lortu zuen 100 metro bizkarrean eta zilarrezkoa 100 metro libretan; aldiz, azken jardunaldian, uztailaren 31n, beste bi medaila eskuratu zituen, kasu horretan, urrezkoa 200 metro libretan eta brontzezkoa 200 estiloetan.
Horretaz gain, talde bereko igerilaria den Carmen Perak, Ireneren ahizpak, bi laugarren postu lortu zituen txapelketako 1.500 metro libretan eta 400 metro libretan.
Bestalde, errelebo mailako 4x200 eta 4x100 metro libretan, Pera ahizpek, Lorea Palomo eta Aiara Ituiño igerilariakaz taldea osatu zuten, eta 13. izan ziren 4x200 libretan eta 15. tokian sailkatu ziren 4x100 libretan. 4x100 estiloetan aldaketa bat egon zen taldean, Maddi Olasok Aiara Ituiño ordezkatu baitzuen eta 24. tokian sailkatu zen talde getxoztarra.
Nesken mailan, 125 talde lehiatu ziren Espainiako Udako Txapelketan Haur mailan, horietatik, Getxo Igeriketa Bolue Kirol Elkartea 15. postuan sailkatu zen.
Aldiz, mutilen mailan talde getxoztarreko hiru igerilari lehiatu ziren eta emaitzarik onena Eneko Salinasek lortu zuen 19. tokiagaz 1.500 libretan. 800 metro libretan Eneko Salinas 20. tokian sailkatu zen, Gorka Zárraga 22. eta Unax González 26. geratu zen.