Zalantzarik gabe, gure inguruetan gehien errotutako edarietako bat da kalimotxoa; jai eta tabernen klasiko bihurtuta, gure herrietatik mundu zabalera hedatu dena.
Egia da Coca-Cola eta ardo beltza nahastutako konbinatua aski ezaguna zela Algortako Portu Zaharrean edabe horri izena jarri ziotenerako, hala ere, lekuaren arabera, ezizen bat edo beste jartzen zitzaion horri: Errioxa Librea, Mochete, Tincola, Pobreen Kuba Librea, Langilearen Kubata... Hala ere, Kalimotxo izenak denak baztertu zituen 1972ko uda hartatik aurrera.
Ahoz aho hasieran, eta liburuxka batean gerora –El invento del kalimotxo y anécdotas de las fiestas–, zabaldutakoaren arabera, 1972ko abuztuaren 12an, Portu Zaharreko San Nikolas jaien erdi-erdian, jaio zen berba hori. Hitz-jokoa Antzarrak kuadrillak asmatu zuen, auzoko festak antolatzeko ardura hartu zuen taldeak, hain zuzen. Ospakizunetarako 2.000 litro ardo beltz erosi zuen, baina, ozpinduta zeuden. Protagonistek kontatzen dutenez, mediku ezagun batek esan ei zien ez zela kaltegarria ardo hori edatea, baina oso zapore desatsegina zuela. Hala, hainbat proben ondoren, Coca-Cola freskagarriagaz proportzio berdinetan nahastuta, edariaren zapore txarra ezkutatzeko modua lortu zuten.
Marketin saiakera egokia egiten saiatuta, konbinatu berriari izen propioa bilatzeari ekin zioten, Antzarrak kuadrillako lagun bat agertu zen arte. Erandiokoa zen hura, eta Kalimero goitizena zuen, baina guzti-guztiek deitzen zioten Kali. Iturriek diote «itsusi samarra» zela, eta, agertu zenean, baten batek esan zuela euskaraz itsusia «motxo» dela. Hala, erandioztarraren goitizena eta adjektiboa nahastuta, daborduko mundu osoan erabiltzen den izena sortu zuten: Kalimotxo; kuadrilla osoak onartu zuen proposamena, aho batez.
Aurten, 2022an, 50 urte beteko dira sormen-prozesu arrakastatsu hori burutu zenetik, eta, horri aitortza egiteko, kuadrillari omenaldia egingo dio jai-batzordeak Portu Zaharreko jaien erdian, abuztuaren 12an, eguerdiko 15:30ean.