Algortako Mugimendu Feministak uko egin du jaietan ziztada bat jaso zuen adingabea artatzea eragotzi egin izana

Iker Rincon Moreno 2022ko abu. 16a, 18:23

Algortako Mugimendu Feministako bi kide ikertzen ari da Ertzaintza Portu Zaharreko jaietan ziztada bat jaso zuen 16 urteko neska bat artatzea galarazi egin zutelakoan. Akusatuek, aldiz, euren harridura azaldu dute salaketa horren aurrean; izan ere, azpimarratu dutenez, eurak izan ziren biktima lagundu zuten lehenengo pertsonak eta, jaietarako hitzartutako protokoloa aktibatzeaz gainera, Eusko Jaurlaritzak eta Ertzaintzak adostutakoaren jarraibideak jarraitu zituztelako.

Eusko Jaurlaritzako Segurtasun Sailak zabaldu duenez, Mugimendu Feministako kide bik eragotzi egin zieten ertzainei erasotutako neska artatzea, eta, horregatik, desobedientzia-delitu larria egotzi die: “Agenteek behin eta berriz esan zieten anbulantzia bat zain zuela biktimak, ospitalera eraman zezan, baina bi arduradunek polizia-lana oztopatzen jarraitu zuten eta eragotzi egin zuten Ertzaintzak emakume gazteari anbulantzia zegoen lekura laguntzea”.

Hala ere, feministen esanetan, erasotutako neska hurbildu zitzaienean, adingabea ingurune seguru batera eraman eta 112ra deitu zuten, protokoloak dioena jarraituta, anbulantzia bat bertara zedin eskatzeko. Handik, jarraitu dutenez, Ertzaintzara bideratu zituzten kasuari erantzuna emateko eta, anbulantzia jai-gunera sartu ezin zela ondorioztatuta, alde biek adostu zuten, ertzainakaz batera, erasotua artatu zuenetako emakumeetako batek hari lagunduko ziola larrialdi-zerbitzuetara.

Jazoerak iragan domekan izan ziren, 01:05ak aldera; SOS Deiak-ek Mugimendu Feministako kideetako baten deia jaso zuen, festa-gunean zegoen 16 urteko neska bat besoan ziztada bat jaso eta gaizki zegoela ohartarazteko eta anbulantzia bat eskatzeko. Jarraian, feministek jakinarazi dutenez, adingabearen amari azaldu zioten gertatutakoa, eta egoeraren nondik norakoen berri ematen segituko zutela agindu zioten.

Hala, Ertzaintzagaz adostutakoari jarraituta, eta anbulantziara joatea “premiazkoa” zela iritzita, hara joatekotan zeudenean, “kalez jantzitako bost-sei gizon hurbildu zitzaizkigun, oso modu bortitzean, biktima osasun-zerbitzuetara eraman nahian”. Mugimendu Feministakoek deitoratu dutenez, horietako batek bakarrik identifikatu zuen bere burua polizia gisa.

Azkenean, jai batzordeko kide bategaz batera, poliziek lagundu zuten adingabea anbulantziara. Halere, bertara hurbildu ziren ere Mugimendu Feministako bi kide artatutakoaren egoera zein zen jakin eta haren amari horren berri eman guran. Une horretan, deitoratu dutenez, kalez jantzitako bi ertzain agertu eta ekintzaileak identifikatu zituzten, Ertzaintzari laguntzeari uko egitea argudiatuta.

Ildo horretan, Ertzaintzak zabaldutako oharrean aipatu duenez, “lekura hurbildu zirenean, bi arduradunek eragotzi egin zieten ertzainei emakume gaztea artatzea, txosnak ziztaden aurrean jarduteko bere protokoloa zuela ziurtatu ondoren”. Horren aurrean, Mugimendu Feministako kideek nabarmendu dute protokoloa aktibatu zutela, bai, baina baita Eusko Jaurlaritzarena ere, eta horregatik deitu zutela 112ra, “protokoloak agintzen duen bezala”.

Hori guztia dela eta, Algortako Mugimendu Feministak ez du ulertzen non dagoen arazoa, “guk geuk deitu baikenuen 112ra, guk deitu baikenuen ama, eta guk koordinatu baikenuen dena Ertzaintzarekin eta larrialdi zerbitzuekin”. Hala, Ertzaintzak eta Segurtasun Sailak zabaldutako kontakizuna eta euren kide biren kontrako salaketak bertan behera utz ditzatela eskatu dute Mugimendu Feministako kideek. Era berean, iragarri dutenez, zabaldutako informazioak argitzeko asmoz, prentsaurrekoa eskainiko dute bihar, eguaztenean, Portu Zaharreko eskaileretan, 18:00etan.

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun