Jaialdiak 13 saio hartuko ditu guztira, eta horietako 8 Algortako Portu Zaharrean izango dira, aire zabaleko eskaintza berreskuratuta. Ordainpeko kontzertuak, iaz bezala, Muxikebarri Antzokian egingo dituzte, eta sarrerak daborduko salgai daude Kultur Etxeko ohiko saltokietan.
Kontzertu nagusiak Muxikebarri Antzokian izango dira, 20:00etatik aurrera, eta jaialdiak folkera beste soinu batzuetatik hurbiltzea du helburu, artista belaunaldi berrien aldeko apustua eginez. Xabier Payak, Kultura Etxeko Zuzendariak, folkaren transmisioan emakumearen rolak duen garrantzia azpimarratu du, aurtengo edizioan bistaratu gura den bezala: "Egunero Muxikebarriko agertokian emakume bat izango da"’.
Eguaztenean, hilak 14, Getxo Folk jaialdia Ana Alcaide nyckelharpista madrildarraren saioa hartuko du. Ritual bere azken lana aurkeztuko du, harmonia eta sotiltasuna uztartzen dituen diskoa, hain zuzen ere, tradizioa begirada garaikide batetik babesten duten doinuak biltzen dituena. Biharamunean, irailaren 15ean, Tanxugueiras arituko da, Eurovisionerako hautagai den ahots hirukote ospetsuak, Galiziako sustraiko soinuak trap edo musika elektronikoa bezalako egungo erritmo eta joerekin uztartuz berrikuntza eta abangoardia irudikatzen dituenak.
Hurrengo egunean, hilak 16, barikua, jaialdiak Enredadas proiektua hartuko du, tradiziozko herri-generoak beste estilo batzuekin uztartu dituzten lau artista handik osatutako taldea: Uxía, Martirio, Carmen Paris eta Ugia Pedreira. Getxon 'Coplas e alalás' ikuskizuna aurkeztuko dute, Sérgio Tannus eta Marcos Teiraren gitarrek lagunduta, genero eta estilo ezberdinak batzeko.
Zapatuan, hilaren 17an, Muxikebarrik Maria Arnal i Marcel Bagés bikote katalanaren saioa hartuko du. Bikotea azken urteotan musikaren panoramaren errebelazio handienetako bat bihurtu da. Ciutat de Barcelona Musika Saria, bere bigarren EPagaz, Verbena, Rockdelux aldizkariko Single Nazional Onena aukeratua eta Urteko Obra Artistikoa Time Out aldizkariko irakurleen arabera, Badalonako (Bartzelona) abeslariak eta Flixeko (Tarragona) gitarristak herri musikaren transmisio-katearekin jarraitzen dute ahalik eta modurik onenean: bere abesti propioak sortuz, zeinak penintsula iberiarra grabazioen erreskate-proiektuan barneratzen diren. Getxon Clamor bere bigarren albumeko kantuak aurkeztuko dizkigute David Soler gitarra-jotzaileak lagunduta.
Azkenik, aurtengo edizioa Neomak taldearen ahotsen eskutik amaituko da. Talde horrek tradiziotik edaten du eta, aldi berean, tradizioaren irakurketa modernoa proposatzen du, eszenaratze berritzaile batekin. Kepa Junkeragaz Sorginak izenpean aritu ondoren, proiektu berri bati ekingo diote: Ilargi berriak, ahots musika eta musika elektronikoa perkusioakaz eta trikitiagaz bateratzen dituena.
Doako saioak
Algortako Portu Zaharreko saioak 18:00etan eta 23:00etan izango dira. Azken horietan, jaialdiak jai-giroa sustatzeko asmoa du Gozategi (irailaren 16an) eta Buhos (irailaren 17an) taldeen eskutik. Gozategiren kasuan, gainera, euskal bandak bere 30. urteurrena ospatuko du. Halaber, ez dira faltako familientzako kontzertuak ere, irailaren 17 eta 18an eguerdiko 12:00etan izango direnak. Getxo Folk jaialdiaren proposamen musikala ‘Nor da Maurizia’ hezkuntza proiektu horregaz osatuko da, Getxoko Musika Eskolagaz elkarlanean garatua eta bertako ikastetxeetako ikasleei musika hurbilduko diena.