Elkarrizketak

Carlos Uraga: "Ekintzailea izateko garrantzitsuena ikasten jakitea da"

Ander Zarraga 2022ko ira. 21a, 14:13

© CARLOS URAGA

Plastikoa birziklatuz erregaiak modu errentagarrian sortzeko teknologia sortu du Carlos Uraga ekintzaile algortarrak. Nantek enpresako CEO eta sortzaileagaz egon da HIRUKA, prozesu horri buruz gehiago jakiteko eta ekintzailetzari buruz berba egiteko.

Askok Nantek enpresak lortutako arrakasta eta sariei esker ezagutzen zaituzte, baina aldez aurretik beste proiektu batzuetan ere aritu zara. Zer kontatu ahal diguzu horietaz?

Ni Erle Robotics enpresagatik hasi nintzen ezaguna egiten, SONY eta AEBetako Gobernuaren inbertsioa lortu genuelako. Hori 2014ean izan zen, eta, bi urte beranduago, 31 urte nituela, Acutronics Robotic enpresa sortu nuen.

Azken hiru urteetan Nantek izan da zure proiekturik berritzaileena, plastikoa erregai bihurtzeko modua garatu baituzue. Nola lortu duzue?

Oinarrian, plastikoa guk sortu dugun pirolisi erreaktore batean sartu eta tenperatura eta presio jakin batean jartzen dugu. Hortik ateratzen diren gasak kondentsatzen ditugu eta erregai balio ezberdinak lortzen ditugu. Garatu ditugun Nanokarbono batzuei esker gas horiek iragaztetik erregaiak lortu ditzakegu, hala nola gasolina, diesela, nafta edo kerosenoa bezalakoak.

Gaur egungo energia-krisia kontuan izanda, izugarria da horrelako teknologia bat garatzea.

Bai, hori da. Gure autohornikuntzarako oso baliagarria izan daitekeen teknologia dela uste dugu, hiri-hondakin plastikoak birziklatuz erregaiak sortu ditzakegulako.

Eta edozein motatako plastikoak birziklatu daitezke?

Edukiontzi horian aurkitzen ditugun plastiko gehienak erabili daitezke prozesurako. PET edo PVC bezalako plastiko bereziak izan ezik, gainontzeko ia guztiak erabili ditzakegu.


Uragak ohiko plastikoak modu jakin batean erretzean ateratzen diren gasetatik erregaiak ateratzeko prozesua sortu du Bilbon. © CARLOS URAGA

Modu industrialean inplementatzea lortu duzue?

Une honetan, Bilboko portuan makina bat daukagu martxan ari dena, eta, daborduko, plastikoa erregai bihurtzen ari gara. Momentuz, emaitzak onak ari dira izaten, baina ezin dezaket horiei buruz gehiago esan, ez baititugu oraindik publiko egin. Gainera, oraindik lanean ari gara beharrezko homologazioak eskuratzeko, gerora, produktua errefinategiei eta enpresei eman ahal izateko. Hala ere, esan dezaket emaitzak onak ari direla izaten.

Teknologia mota hau oso berria da, ala lehendik ere ezagutzen zen?

Pirolisia lehendik ere ezagutzen zen teknologia bat da, baina guk garatu egin dugu, bere erabileran beste aurrerapauso bat eman dugu eta zenbait erreaktibo erantsi dizkiogu prozesua hobetzeko, eta, horretaz gain, prozesurako optimoa den makinaria ere sortu dugu. Zentzu horretan, lortu dugu prozesua errentagarria, eskuragarria eta merkea izatea; laburbilduz, zentzua duen teknologia bat izatea lortu dugu, energia sortzerako orduan, lortuko duzuna baino gehiago gastatzen baduzu, hori egiteak ez baitauka zentzurik, beraz, prozesu hori optimizatzea izan da gure arrakasta. Horregaz, CO2 isurketak murrizten duen prozesua ere garatu dugu, plastikoa zabortegietara edo erraustegira bidali beharrean, guk erregai bihurtzen baitugu.

Aldez aurretik beste proiektu batzuetan egon zara, nolakoa izan da Nantek sortzeraino egindako bidea?

Askotan gertatzen den bezala, ideia bati eustea da gakoa, nahiz eta mundu guztiak ezetz, ezinezkoa dela eta ez duela funtzionatuko esan. Horren guztiaren aurka borrokatu, zure buruan konfiantza izan eta aurrera eramateko zer behar duzun jakin behar duzu horrelako proiektu batean arrakasta izan ahal izateko. Zaila izan da, beste gauza asko bezala, baina baita interesgarria eta dibertigarria ere.

Zu bezala ekintzailea izateko arriskuei aurre egiteko ausardia behar da?

Zalantza barik. Azken finean, beti daude arriskuak eta beldurra ere hor dago. Ematen ditugun urrats gehienetan guztiak dirudi oso zaila eta egiteko ezinezkoa dela, batez ere, mundu guztiak ezinezkoa dela esaten dizunean. Azken finean, ekintzaile izateak hori dauka, arriskuak hartu behar dituzula eta denek ezetz esan arren aurrera jarraitu behar duzula.

"Ekintzailea zarenean eta zerbait berria ekiten duzunean porroterako prest ere egon behar zara"

Bide horretan zuk gorabeherak ere izan dituzu, izan ere, bi aldiz egin duzu porrot eta dena galdu. Hori ere prozesuaren parte da?

Bai hori da, eta, seguruenik, hirugarren aldia ere egongo da. Baina bai, esaten genuena, ekintzailea zarenean eta zerbait berria ekiten duzunean porroterako prest ere egon behar zara. Hala ere, esperientzia asko jasotzen duzu bizipen horietatik eta asko ikasten da, eta gero berriz ere altxatzeak lan gutxiago hartuko dizu, eta hori ere prozesuaren parte da. Beste pertsona batzuei arraroa egingo zaie eta gehiago kostatuko zaie, baina ekintzailea zarenean badakizu nola egin dezakezun aurrera ateratzeko.

Ekintzailea izan gura duen norbaiti zer gomendatuko zenioke?

Horretaz liburu bat ere idatzi genezake, baina, batez ere, esango nioke ondo informatzeko. Ekintzailea izateko garrantzitsuena ikasten jakitea da; azkar ikastea behar duzunari buruz eta zuk lan egin nahi duzun horri buruz asko jakitea, hain zuzen. Ez zara zertan aditua izan behar, baina gaia oso ondo ulertu eta ezagutu behar duzu: merkatua, lehiakideak eta besteek zer egiten duten ikertzea premiazkoak dira. Horretarako, gaur egun Internet da tresnarik baliotsuena, baina horren aurretik asko ikasi behar da, zuri interesatzen zaizunari buruz ikastea, eta hortik aurrera salto egitea da kontua. Arriskuak hartu beharko dituzu eta pixkanaka-pixkanaka urratsak ematen joan. Horretaz gain, amorerik ez ematea da kontua, hori oso ohikoa baita; askotan, irmotasunagatik lortzen da arrakasta, ez adimenagatik.

Enpresa Bilbon duzu, lantegia Bilboko portuan dago eta zu Algortakoa zara, baina Madrilen bizi zara. Han erraztasun gehiago dago ekintzailea izateko?

Ez, gaur egun Europako edozein tokitan hasi dezakezu proiektu bat. Madrilen bizi naiz, batez ere, hemen inbertitzaileakaz harreman gehiago izan dezakedalako eta mugimendu gehiago dagoelako finantzen aldetik. Baina proiektua Bilbon dago erabat eta ni ere sarritan joaten naiz Algortara.  

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun