Urtebete atzeratuta, baina bueltan da Bertsolari Txapelketa Nagusia. Horren berri eman ondoren abiatu zuten norgehiagoka horren lehenengo saioa Getxon. Jardunaldi horretan, hurrengo seikotea aritu zen kantuan: Oihana Bartra Arenas, Nerea Elustondo Plazaola, Agin Laburu Rezola, Peru Abarrategi Sarrionandia, Unai Mendizabal Jauregi eta Alaia Martin Etxebeste. Denen artean, azken hori nagusitu zen.
Martinen ondotik geratu ziren Nerea Elustondo 695 puntugaz, Agin Laburu 685gaz, Oihana Bartra 653,5gaz, Unai Mendizabal 635gaz eta Peru Abarrategi 627gaz. Horiek lehen faseko saio guztiak amaitu arte itxaron beharko dute finalaurrekoetara sailkatu diren edo ez jakiteko.
Ofiziotan aritu ziren bertsolariak lehenengo: zortziko handian eta zortziko txikian. Gaia emanda puntuari hiru aldiz erantzun eta gero, ofiziotan aritu ziren berriro, hamarreko txikian. Azkenik, ganbarako lana: “Epailearen aurrera ekarri zaituzte. Esaten duzunak ez du zugan bakarrik eragingo”. Hiruna bertso bota zizkioten gaiari sei bertsolariek.
Ohi moduan, bertsolarien agurrakaz bukatu zen saioa.
Domekan, Arrasaten
Atzo, domekan, bigarren saioa jokatu zuten, eta bertan aritu ziren Miren Amuriza Plaza, Iñaki Apalategi Astigarraga, Xabat Illarregi Martzol, Saioa Alkaiza Guallar, Joanes Illarregi Marzol eta Gorka Pagonabarraga Agorria. Azken orduko bat zela eta, Xabat Illarregik kantatu zuen Xabier Silveiraren ordez. Horien guztien artean, Joanes Illarregik jaso zituen puntu gehien: 678. Haren atzetik gelditu ziren, hurrenez hurren, Saioa Alkaiza (673), Iñaki Apalategi (664), Xabat Illarregi (659), Miren Amuriza (646,5) eta Gorka Pagonabarraga (616).
Hurrengo saioak Gotaine-Irabarnen, herriko gelan, eta Gasteizko Europa Jauregian izango dira, zapatuan eta domekan, hurrenez hurren, 17:00etatik aurrera.