Hala, tokiko eskola pribatuak laguntzen eta umeak hezkuntza duina jasotzeko bekak ematen diharduen Saluganda GKE-agaz boluntario gisa lan egitera joan zen Cabrejas bere lagun Iker Estebanegaz 2021eko udan. Kontatzen duenez, erakunde horrek tokiko zortzi ikastetxe kudeatzen ditu, eta horietako batera zihoazela, bidean, Kampala hiriburutik gertu lan egiten zuen emakume bat ezagutu zuten: Sumini Nakakande. "Abokatua izateko ikasketak egindakoa da bera, baina irakasle izan gura zuen, eta bere lagun bategaz eskola bat muntatu zuen Wakiso herrian", azaldu du Cabrejasek. Une horretan, zentro horrek 54 neska-mutil zituen ikasten, eta, horietatik, 30 bat umezurtzak edo guraso bakarrekoak ziren. Zailtasunak zituen proiektu horrek aurrera egiteko, azken horiek ere eskolatuta zituztelako, diru-sarrerarik bermatzen ez zien arren. Hori ikusita, bi lagunek proiektu hori hauspotzea erabaki zuten, eta 2021eko abenduan horretarako gobernuz kanpoko erakundea sortu zuten Igor Delgadogaz batera.
Udaren amaierarako, eskola lekuz aldatu behar izan zuten, alokairua ordaindu ezinik zeudelako. Urrian alde egin behar izan zuten, baina algortarrek egindako hasierako diru-ekarpenari esker, urtarrilerako handiago bat alokatzea lortu zuten, bost urterako kontratupean. "Hori lortuta, azpiegituraren beharrak ezarri genituen, eta horiek gauzatzeko zenbatekoa 4.000 eurokoa zela aurreikusi genuen, hala nola sukaldea berritu, ura biltzeko depositua jarri, argindarra izateko plaka fotovoltaikoak instalatu eta umezurtzen logelak egokitzeko". Eta horretan ibili dira aurtengo udan. Gerora, asmoa da proiektu hori autosufizientea izatea, eta familiek egindako ekarpenakaz aurrera egin ahal izatea. Izan ere, daborduko 84 ikasle dituzte, aurrekoan baino 30 gehiago. Halere, horietatik umezurtz asko dago, eta asmoa da etorkizunean horientzako bekak ematea, eskolari diru-ekarpenak handitzeko. "Gure helburua da ahalik eta ume gehien eskolatzea. Hori zaila da, hiruhilekoko 80 euro ordaindu behar baita eskolan, eta GKE-ak ez du horrenbeste diru".
Ekonomikoki laguntzeko hainbat ekimen garatu dituzte hilabeteotan, hala nola egutegiak saldu eta bazkideak batu. "Hala ere, diru-ekarpenak jasotzea ez da erraza izaten ari", kexu da Cabrejas, "garrantzitsua da dirua jasotzea, hilean euro bat bada ere".
Equinox Junior School
Gaur egun 81 ume dituen eskola-umezurztegia da. Asmoa da bi urtez hori egokitzen laguntzea bere kabuz jasangarria izan ahal izateko; gerora, umezurtzentzako bekak eman gura dituzte.
Ekarpenak edo bazkidetzak egiteko: www.buildafuture.es