Moto-Membra Jesu Nostri antzezlana aurkeztuko duzue urriaren 14an Bilboko Arriaga Antzokian, zure zuzendaritzapean. Zertan datza lan hori?
Hiru elementu nahasten dituen antzezlan bat da: koru bat, Eneko Sagardoy aktorea eta Andoni Sierra zuzentzen duen orkestra barroko bat. Horrela, bi alde topatuko ditugu lanean; alde batetik barrokoaren aurretikoa den Membra Jesu Nostri pieza eta, bestetik, Eneko Sagardoyren bakarrizketa. Nahaste hori nik neuk antolatuko dut, eta ikusiko dugu zertan geldituko den taula gainean.
Erraza izan zaizu nahaste hori ordenatzea?
Egia esan, zaila da. Alde batetik, barrokoaren aurreko musika denez gero, horretarako musika-instrumentuak oso delikatuak dira, eta bolumena ez da orkestra sinfoniko baten parekoa. Beraz, kontuz ibili behar gara horrekin. Bestetik, testua garaikidea da, gaur egungoa. Hala, tentuz jokatu behar izan dugu, batzuek uste dutelako halako musika bakarrik kontzertuetarako baliagarria dela eta ez antzerki baterako. Ondorioz, apustu ausart bezain arriskutsua izan da. Ikusiko dugu zelan hitz egiten duten bi aldeek, testuak eta musikak. Momentuz, oso pozik nago emaitzarekin.
"Apustu nahiko ausart bezain arriskutsua izan da. Ikusiko dugu zelan hitz egiten duten bi aldeek, testuak eta musikak"
Testua garaikidea dela diozu. Zer gai jorratzen duzue horretan?
Bakarrizketa bat da. Horren bitartez, bi pertsonaia aurkezten dira: bata, Eneko, eta bestea, Josu. Amodiozko harreman bat daukate biek, eta, halako batean, Josu moto-istripu batean hiltzen da. Hortik aurrera, galdera asko azaleratzen dira, besteak beste ea suizidio bat izan ote den. Orduan, Eneko ikertzen hasten da, eta Josuren iragana aurkitzen joaten da, hala nola txikitan abusuak jasan zituela.
Taula gainean Eneko Sagardoy izango da protagonista. Ez da lehenengo aldia beragaz lan egiten duzuna...
Ez, laugarren aldia da, bai. Zuzendari-laguntzaile eta aktore moduan egin dugu lan hainbatetan; azkenengoa, Erresuma/Kingdom antzezlanean.
Erraza zaizu beragaz lan egitea?
Bai, oso erraza; Eneko oso pertsona interesgarria eta inteligentea da. Esango nuke arriskuak eta erronkak maite dituela, eta honakoa horixe da. Gainera, testua berak idatzitakoa da.
Zer da zuretzako Arriaga Antzokia?
Arriaga katedral bat da niretzat. Teknikoki oso antzoki ona da, dirua, esperientzia eta baliabideak dituena, eta oso ondo ezagutzen ditut bertako langileak.
Oraingo honetan, zuzendari gisa arituko zara. Lehenengo aldia izango da?
Orain arte, zuzendari-laguntzaile moduan lan egin dut batez ere, Europan gehienbat. Calixto Bieito operarekin 20 bat lekutan ibilitakoa naiz, eta, gero, nire kabuz Carmen taularatu dut. Gainera, aurten, Loraldia Festibalean Galerna izeneko proiektua ere aurkeztuko dut. Datorren otsailean ere Massenet-en Manon opera ere taularatuko dut Akisgranen (Alemania). Bai, bueno, gauzatxoak egin ditut, baina laguntzaile moduan gehienbat orain sei urtetik hona. Horrez gainera, berriz emateak ere zuzendu ditut.
Zer nahiago duzu, aktore- ala zuzendari-lana?
Keinu antzezpena ikasi nuen Madrilen, hau da, antzerki fisikoa. Zuzendaritzarena gerora etorri zait, modu oso naturalean. Inoiz ez nuen amestu honekin, baina naturalagoa egiten zait. Agian oso zorrotza naizelako eta ordenatzea eta halako gauzak ondo egiten ditudalako.
Zerikusia du horretan Ingeniaritza Kimikoa ikasitakoa izatea?
Kar kar kar, baliteke.
"Asko gustatzen zait euskaraz lan egitea, eta horixe da gauzetako bat Eneko Sagardoyrekin lan egiteko"
Ildo horretan, EHUn Ingeniaritza Kimikoa ikasita, nolatan bukatu duzu eszenaren munduan?
Unibertsitatean hasi aurretik, gimnasia erritmikoan aritzen nintzen asko, eta kirol hori oso artistikoa da. 20 urte nituela utzi nuen hori, eta hutsune bat gelditu zitzaidan. Dantza ere gustuko nuen, baina publikoaren ikuspuntutik antzerkia nahiago nuen, eta horregatik ikasi nuen Madrilen keinu antzezpena. Mundu hau oso zaila zen Madrilen momentu hartan niretzako, eta lan egiteko aukerarik ikusi ez nuenez, Euskal Herrira itzuli nintzen, eta Ingeniaritza Kimikoa amaitu nuen, edonon lan egiteko aukerak izateko. Hala ere, gero gauzak aldatu ziren, aukerak izan nituen antzerkiaren munduan, eta halaxe jarraitu dut gaur arte.
Europa osotik ibilitakoa izanda ere, euskara oso presente dago zure antzerki-munduan, ezta?
Antzerkia ikasi nuenean Madrilen guztiz ahaztu nuen euskara, eta, gurera bueltatuta, egin nuen lehenengo gauza izan zen euskaltegira etorri eta EGA ateratzea. Asko gustatzen zait euskaraz lan egitea, eta horixe da gauzetako bat Eneko Sagardoyrekin lan egiteko. Bera euskaldun oso ona da, eta egunero ikasten dut zerbait berarekin. Plazer bat da euskara lantzea lanean gaudenean.
Zer egoera bizi du gaur egun euskal antzerkiak?
Nik esango nuke oso ondo gaudela, hemen sarea oso txikia delako eta erraza delako denok ezagutzea.
Zer esango zenioke jendeari urriaren 14an Arriaga Antzokira gerturatzeko?
Espektakulu oso elegantea izango dela, espero dut; Eneko ikustea izugarria dela, aktore perfektua delako; musikak merezi duela ere, eta nahiko ezezaguna da. Azken finean, dena batuta esperientzia ahaztezina izango da publikoarentzako.
Horren ondoren, beste tokiren batean taularatuko duzue antzezlana?
Arriaga saiatzen ari da saltzen proiektu hau nazioartean. Espero dugu beste leku batzuetan ere taularatzea, batez ere Enekorentzat, testua oso luzea delako, lan izugarria egin duelako, eta agerraldi baterako egitea bakarrik pena litzatekeelako.
Antzerki horren aurkezpenaz gozatu gura baduzu, parte hartu sarrera bikoitza lortzeko zozketa honetan, urriaren 2a baino lehen.