Uriatarrak aste-akabuan lehiatuko dira Bertsolari Txapelketa Nagusiko lehen fasean

Ander Zarraga 2022ko urr. 6a, 11:30

Jone eta Imanol Uria bertsolariak aste-akabuan estreinatuko dira Bertsolaritza Txapelketa Nagusian. © BERTSOZALE ELKARTEA

Jone eta Imanol Uria algortarrak zapatuan eta domekan arituko dira, hurrenez hurren, Euskal Herriko Bertsolari Txapelketa Nagusiko lehen faseko saioetan. Uriatarrak izango dira aurtengo txapelketan lehiatzen arituko diren eskualdeko bertsolari bakarrak.

Hitzordu bikoitza izango da aste-akabukoa: lehenik, Jone Uria Donostiako Victoria Eugenia antzokian arituko da, Aitor Etxeberriazarraga, Beñat Iguaran, Eñaut Martikoena, Maddalen Arzallus eta Onintza Enbeita izango dituela aurrez aurre; kasu horretan, Leire Garatxena arituko da gai-emaile lanetan. Bestetik, domekan, Imanol Uriak txapelketa nagusian debutatuko du Lizarrako Los Llanos aretoan; oholtza gainean Aitor Bizkarra, Asier Azpiroz, Iñigo Mantzizidor Matxi, Maialen Akizu eta Unai Gaztelumendi izango ditu; aldiz, gai-jartzaile lanak egingo ditu Amaiur Lujanbiok.

Saio biak 17:00eta hasiko dira, eta Bertsozale Elkartekoek aditzera eman dutenez, Donostiako emanaldirako sarrerak aste hasieran amaitu ziren; hala ere, bertaratu ezin direnentzat www.eitb.eus eta www.bertsoa.eus atariek zuzenean eskainiko dute saioa 17:00etatik aurrera. Lizarrako bertso-saiorako sarrerak ere amaitzear daudela jakinarazi dute, baina 15:00etan irekiko dute Los Llanos aretoko txarteldegia azken tiketak eskuratzeko.

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun