Urgull Zentroa aurkeztu dute Algortan

Erredakzioa 2022ko urr. 11a, 16:56

Algortako erdigunean dagoen Urgull Zentroa aurkeztu dute gaur goizean Amaia Agirre Getxoko alkatea eta Gorka Martinez BBK-ko zuzendari nagusiak. Egoitza horretan honakoak egongo dira: adineko pertsonentzako jarduerak eta proiektuak garatzeko hainbat gune; eten digitala murrizteko KZ Gunea eta udalerriko kultura- eta sormen-sektoreko Getxo Sormen Hub ekintzailetza-zentroa. Zentroa datozen egunetan hasiko da martxan.

Zentroak 539 metro koadro ditu, bi solairutan banatuta, eta lorategi-gune bat. Sinatutako hitzarmenaren arabera, espazioen erabilera 15 urterako izango da, eta luza daiteke. Lanek eremua erabat eraberritzea ekarri dute, eta horietan Udalak 200.000 euroko ekarpena egin du; BBK-k, aldiz, 350.000 eurokoa.

Gaurko agerraldian azaldu dutenez, zentroaren helburua da, alde batetik, Getxoko Udalagaz elkarlanean aritzen den zahartze aktiboari lotutako elkarte-sarearen parte-hartzea sustatzea, indartzea eta bultzatzea, eta, bestetik, lankidetza-coworking lantoki bat hartzea, "biak ere Legegintzaldi Planaren proiektu estrategikoak".

Lokalerako sarbidean serigrafiatuta irakur daitekeenez, zahartze aktiboko hainbat eredu erraztuko dituen gune bat izatea gura izan dute arduradunek, Getxoko egungo eta etorkizuneko biztanleen adinekoen artean jarduerak eta proiektuak sustatzeko, digitalizaziorantz hurbiltzea bultzatzen duena eta adin desberdinetako pertsonen arteko interakzioa errazten duena.

“Getxoko Udala konprometituta dago zahartze aktiboarekin, adinekoen belaunaldi berrien itxaropen, interes, behar eta gaitasunetara egokitutako politikak diseinatuz eta abian jarriz, Getxon herritarren % 30 baitira. Urgull Zentroa ekintza espezifikoak bultzatzeko gunea izatea nahi dugu, adineko ahaldunduak indartzen laguntzeko, ekimena solidarioekin eta gizarte osoarekin konprometituta, udalerriko kultura- eta sormen-sektoreko lehen ekintzailetza-zentroarekin batera. Eta hori ez zatekeen posible izango BBKren laguntzarik gabe”, nabarmendu du Amaia Agirre alkateak

Bere aldetik, Gorka Martinez BBK-ko zuzendari nagusiak adierazi duenez, “Bizkaia inklusibo eta jasangarri baten alde lan egiten dugu, non adineko pertsonen belaunaldi berriek bizi-etapa aktibo eta parte-hartzaile berri batez gozatu ahal izango duten, eta gure lurraldearen aberastasunari eta lehiakortasunari lagunduko dioten proiektu profesionalak garatzen joateko gazteek beharrezko laguntza izan dezaten. Zahartze aktiboaren sustapena, ekintzailetzari laguntzea eta belaunaldien arteko jarduerak dira, hirurak, BBKn oso barneratuta dauzkagun gaiak, gure taldearentzat estrategikoak baitira; horregatik, izugarri pozten gaitu gaur hemen Getxon egoteak, ikusiz nola jartzen den abian baliabide sozial berritzaile bat, eta ziur nago baliabide hori erabiltzen duten pertsona guztien bizitzan eragina izango dutela”.

Zahartze aktiborako hainbat gune

Sartzeko solairuak 381 metro koadro ditu, zortzi gune bereizitan banatuta; horietako bat Algortako KZ gunerako erreserbatuta dago. Erakundeek bilerak, koordinazioak, jardunaldiak, ikastaroak eta hitzaldiak egiteko erabiliko dute, doako hurrengo hiru lagapen motaren bitartez: aldi baterako egoitzetarako lagapenak, aldi baterako lagapenak eta noizean behin erabiltzeko lagapenak. Ahalik eta erakunde gehienei espazioak uzteko, erakunde eskatzaile bakoitzak guztizko erreserben gehieneko kupo bat izango du. Kupo hori urtero ezarriko da, jasotako eskaera kopuruaren eta dagoen eskuragarritasunaren arabera. Gizarte Kohesioko Arloak bere jardueretarako espazioak erabiliko ditu, eta beste udal-arlo edo erakunde autonomo batzuei erabilera puntuala baimendu ahal izango die, jardueraren izaera eta erabilgarritasuna kontuan hartuta.

Gune hori auzoko adinekoen erakunde eta elkarteen eskura egongo da, batez ere, Ajane, Algortako erretiratuen elkartearen eskura, eta Getxoko udalerrikoentzat ere, hala eskatzen badute. Horiek guztiek, etorkizunean solairu horretako instalazioak erabiltzeaz gain, erdisotoko solairuko lorategiaz eta ataripeaz ere gozatzeko aukera izango dute. Alde hori une honetan Udala birmoldatzen ari da, bigarren fasean, hasierakoan aurreikusi ez zena.

Getxo Sormen Hub

Getxo Sormen Hub 158 metro koadroko beheko solairuan dago, 22 lan-gune ditu lankidetza-formatuan, eta sektorea profesionalizatzeko ekintzak ere eskainiko ditu, hala nola aholkularitza, programak eta topaketak. Eremu horiek bi gune berezitan daude: lanpostu finkoenak eta postu birakarienak. Ohiko zerbitzuez gain, bilera-gela bat (sarrera librekoa, baina aldez aurretik erreserbatutakoa) eta office bat ditu. Kasu guztietan, coworking formatuko bulego-espazioak dira, proiektuak garatzeko eta eboluzionarazteko. Azaroaren 30era arte zabalik egongo da udal gune horiek okupatzeko eskaera egiteko epea.

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakuleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun