Zertan datza Sherpa.ai Aizkolari Txapelketa Nagusia? Hau da, zelan funtzionatzen du lehiaketa horrek?
Ezpal elkarteak Euskal Herriko aizkolari onenak batzen dituen taldea da, eta horrek hainbat txapelketa antolatzen ditu, tartean hauxe bera. Kasu honetan, banakako modalitateaz ari gara, eta horretan maila bi daude: Promozioa eta Lehen Maila. Orduan, Promozio maila horretako lehenengo bi sailkatuek aukera izango dute maila nagusiko, Lehen Mailako, kanporaketan aritzeko.
Zenbat kirolarik parte hartzen dute horretan, eta zelan aukeratzen dituzte bertan lehiatzeko?
Elkartean izena emanda duten kirolari guztiek parte hartzen dute, eta iazko rankinga kontutan hartuta osatzen da maila bakoitza. Aurten, Promozio maila irabazten duten lehenengo bi aizkolariek maila nagusian parte hartuko dute, eta, kanporaketa horretan, lehenengo sei kirolariek finalera sailkatzea lortuko dute. Aldiz, azkenengo biak Promozio mailara jaitsiko dira.
Iazko edizioak arrakasta handia izan zuen. Zer eskaintzen du lehiaketa honek gainontzeko herri kirol erakustaldiakaz alderatuta?
Guk geuk, aizkolariok, antolatutako txapelketa bat da. Gainera, Sherpa.ai inteligentzia artifizialeko euskal enpresa izanik, ikusgarritasunean irabazi dugu, iruditegia landuta. Gainera, nik uste dut lehiakortasun handia dagoela kirolarion artean, eta publiko berriarengana iristea lortu dugu. Gauza bi horiekin apur bat kirola eraldatu eta mundu hau irauli dugu.
Zer egoera bizi du gaur egun aizkolaritzak Euskal Herrian?
Aizkolaritzak bizi duen egoera nahiko ona dela esan genezake aurreko urteei begiratuta. Gazteak etortzen hasi dira, eta gero eta indartsuagoak dira. Erreleboa dago, bai, baina hori ere ikusleen artean bermatu beharko genuke, eta horretarako lanean ari gara. Jakin behar dugu ea zer motatako ekitaldiak ikusi nahi dituen jendeak, zer motatako txapelketak nahi dituen eta, horren arabera, gu euren nahietara moldatu eta ez alderantziz, betiere betiko esentzia eta ohitura galdu gabe.
Herriko plazetan egotetik, telebistara salto egin du kirol honek. Zelakoa izan da prozesua?
Herri kirola da hau ere, eta herri kirolek plazetan dute indarra. Herri gabe ezin da hau ulertu. Hala ere, iaz, adibidez, Espainia mailako telebista batek emititu zuen txapelketa, eta audientzia-datuak oso onak izan ziren. Nik uste dut Sherpa.ai etxeari esker izan dela hori, berari esker lortu dugu irudi aldaketa hori, eta prozesua luzea eta gogorra izaten ari da mundu hau eraldatzeko eta ahalik eta jende gehiagorengana iristeko. Horixe da gure helburua, eta horretan arituko gara lanean.
11 gizon eta bost emakume Lehen Mailan. Alde handia batetik bestera; zergatik?
Aldea dago gizonen eta emakumeen artean. Azken horien kasuan, hastapenetan ari dira, eta, gainera, asko herri kirol ezberdinetako ordezkariak dira; denak euren sorbalden gainean gelditzen dira. Izan ere, emakume batek, aizkolaritzan aritzeaz gainera, harri-jasotzean, ingudean edota bestelako hainbat txapelketetan parte hartzen du, eta, momentuz, kopuruari begiratuta, gutxiago dira. Hala ere, apurka-apurka badoaz areagotzen, txapelketetan agertzen ari dira, eta urterik urtera gehiago dabiltza.
Gizonezkoei dagokienez, elkartean ari garen 20 bat kirolarik parte hartzen dugu, eta nik uste dut elkartean apurka baditugula kirolari berriak; beste bi gazte sartu dira, eta nik uste hori dela helburua: etorkizunean gazte gehiago sartzen joatea eta elkartea bizirik mantentzea.
Getxon jokatuko da Promozio mailako finala. Zelan aurreikusten duzu lehia?
Lehia oso estua aurreikusten dugu aurrekoetan eman duten lehiakortasuna ikusita. Izan ere, udaran zehar, batak zein besteak ibili dira elkarren arteko erakustaldiak egiten, eta txapelketa ezberdinetan kointziditu dute elkar. Hala ere, Getxokoa eurentzako zitarik garrantzitsuena da, eta maila nagusirako txartela lortu nahi dute denek; guztiek nahi dute aizkolari onenekin parte hartu hurrengo astean izango den Lehen Mailako kanporaketan. Beraz, bai, nik uste dut estu egongo dela lehia.
Getxon jokatuko duten Aizkolari Txapelketa Nagusiko Promozioko finalerako 2 sarrera bikoitz zozkatuko ditugu. Gaur, urriak 12, da izena emateko azkenengo eguna. Parte hartu hemen.