Ipar Euskal Herriko kultura Getxora gerturatzeko helburua duten Iparra Galdu Gabe jardunaldiak abiatuko ditu "Ipar eta Hego komunikabideak eta komunikazio hariak" solasaldiak. Kasu honetan Iparraldeko hedabideen inguruan arituko dira HIRUKA komunikazio-taldeak antolatu eta Unai Break aurkeztuko duen ekitaldi horretan.
Horretarako, batetik, Nafarroa Behereko Kanaldude telebista-katean 2010etik diharduen Pantxika Maitiak komunikabide horren inguruko gakoak azalduko ditu. Kanaldude euskara hutsez mota guztietako programak, erreportajeak, dokumentalak kirol-emanaldiak edo zuzeneko saioak igortzen dituen Ipar Euskal Herriko web-telebista da.
Bestetik, 1997an sortu eta Iparraldeko euskal irratiak batzen dituen Euskal Irratietako erredakzio burua da Pepe Aizpuru. Federazio horren kide dira Antxeta Irratia (Hendaia), Gure Irratia (Uztaritze), Irulegiko Irratia (Doibane Garazi) eta Xiberoko Botza (Maule). Guztira, 31 langile dituen taldeak euskaraz sortutako eduki komunak eta tokian tokiko programazioa partekatzen ditu.
Solasaldia bukatzean, bertoko garagardoen dastaketa egongo da Etxeandia Garagardauak fabrikaren eskutik.