Alvaro Gonzalez Kirol zinegotziak Virginia Diaz zoriondu du bere azken lorpenengatik

Erredakzioa 2022ko urr. 17a, 17:00
Raspas del Embarcaderoren ontziralekuan egin zioten omenaldia. © RASPAS

Virginia Diaz arraunlariak seigarren postua lortu du Munduko Txapelketako skiff modalitatean, bosgarren postua Europako Txapelketan eta Espainiako arraunketa olinpikoko eta distantzia luzeko txapelduna da, modalitate berean. Lorpen horiek aitortuta, Alvaro Gonzalez Getxoko Udaleko Kirol zinegotziak kirolaria zoriondu zuen joan den eguenean, hilak 13.

Alvaro González Getxoko Udaleko Kirol zinegotzia Raspas del Embarcadero Klubeko instalazioetara joan zen joan den eguenean, hilak 13, Virginia Diaz Rivas  arraunlaria zoriontzeko bere azken kirol lorpenengatik, “eta bereziki Getxoko kirolaz egiten duen ordezkapen bikainagatik. Bera da, lana eta talentuarekin, eta Raspas del Embarcadero bere klubaren eta klubaren bitartez Getxo Kirolak-en laguntzarekin, kirol helburu gorenetara irits daitezkeelako froga. Eta hurrengo kirol lehiaketetarako prestaketarik onena opa diot”, adierazi zuen Gonzalezek.

Virginia Diazek seigarren postua lortu zuen Txekiako Racice herrian jokatu berri den Munduko Txapelketako skiff modalitatean, bosgarren postuan sailkatu zen Municheko Europako Txapelketan, eta Espainiako arraunketa olinpikoko eta distantzia luzeko txapelduna da, modalitate berean.

Bere lorpenengatik zorionak emateaz gain, zinegotziak ontziralekura joan zen Virginiari bere babes eta animo guztia ematera 2023ko Munduko Txapelketari begira, hurrengo Olinpiar Jokoetarako sailkatzeko hitzordua izango dena. Hain zuzen ere, Virginia Diaz domekan abiatu zen Sevillara, eta bertan Espainiako selekzioagaz bilduko da datorren urteko urrian Belgraden (Serbia) jokatuko den Munduko Txapelketa prestatzeko.

Marina Sofia Cosci, txapeldunorde Espainiako Itsas Arrauneko Txapelketan

Bestalde, Raspas Arrauneko beste arraunlari batek, Marina Sofia Coscik, txapeldunorde titulua eskuratu zuen C1x maila absolutuan, Murtzian duela gutxi egin den Espainiako Itsas Arraunketa Txapelketan. Coscik 31 minutu 33 segundo eta 3 ehuneneko egin zituen 6.000 metroko ibilbidea egiteko. Aipatzekoa da, halaber, txapelketa horretan C1x eta C2x ontziek lortutako laugarren postua, gizonezkoen eta gazteen artean, hurrenez hurren, eta Raspasko C2x mistoaren zazpigarren postua txapelketa horretan bertan.

Espainiako Arraun Olinpikoko Txapelketari dagokionez, Raspas Arraunek bi domina lortu zituen: Koxme Burutaranek zilarra 23 urtez azpiko skiffean eta brontzea gizonezkoen 4 scull absolutuan.

Azkenik, klubak berak nabarmendu du Koxme Burutaranek Espainiako Ergometro Txapelketa irabazi duela eta Aitor Blancok brontzezko domina eskuratu duela gazteen skiffean distantzia luzeko Espainiako Txapelketan.

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakuleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun