Elkarrizketak

Adriana Boho: “Aniztasuna eta inklusioa beharrezkoak eta premiazkoak dira gizarte gisa aurrera egiteko”

Iker Rincon Moreno 2022ko urr. 17a, 17:49

Adriana Boho, bere azkenengo liburua eskuan duela. © ADRIANA BOHO

Getxoko Zurrumurrurik Ez ekimenak gonbidatuta, Adriana Boho (Malabo, 1988) arrazismoaren kontrako ekintzaileak bere azkenengo liburua aurkeztu zuen joan den urriaren 4an Getxo Elkartegian. Horretan, Espainiako Estatuko lehenengo influencer beltzak bere bizitzako pasarte batzuk partekatu zituen eta, aldi berean, berbaldira gerturatu zirenak mikroaktibista bihurtzera gonbidatu ere. Liburuaz eta bere ibilbideaz gehiago jakiteko asmoz, beragaz aritu gara oraingoan.

Joan den urriaren 4an aurkeztu zenuen zure azken lana:  Ponte en mi piel. Guía para combatir el racismo cotidiano. Zein puntutaraino da arrazista da gure gizartea gaur egun?

Egungo gizartea oso arrazista da, nahiz eta a priori inork ez duen aitortzen arrazista denik. Zorionez, badirudi gero eta aurrerapauso gehiago ematen ari garela gaitz hori desagerrarazteko, baina asko dago oraindino egiteko.

Zer kontatzen duzu liburu horretan?

Liburuan eguneroko arrazakeriaren aurka borrokatzeko jarraibideak kontatzen ditut, bai biktima bazara, baita biktima izan ez arren eraso bat ikusten duzuna bazara ere, nola lagun dezakezun borroka honetan, arrazakeriaren aurkako aktibista bihurtzeko.

"Helburu nagusia da arrazakeriaren aurkako ahalik eta ekintzaile gehien lortzea"

Zein da liburuaren helburua eta nori zuzenduta dago?

Helburu nagusia da arrazakeriaren aurkako ahalik eta ekintzaile gehien lortzea, eta, batez ere etorkizuna diren gazteei zuzenduta badago ere, eta haien esku badago gauzak aldatzea, helduentzat ere baliagarria eta gomendagarria da.

Zer arrazakeria mota aurkitzen dugu egunerokoan?

Pertsona beltzei urteetan zehar lotutako estereotipoak, hala nola alokairua ukatzea, pertsona beltzak berankorrak direla pentsatzen dutelako, edo emakume eta gizon beltzen hipersexualizazioa.

Konturatu gabe, gainera, denok egingo dugu mikroarrazismoren bat. Nola aurre egin horri guztiari eta arrazista izateari utzi?

Gu deseraikitzen; berezkoak ditugun adierazpen edo jarrera arrazisten kontzientzia hartuz, eta horiek zuzenduz. Arrazismoa pairatzen dugun pertsonongandik irakurriz, entzunez eta ikasiz, eta behin hori guztia gugan zuzenduz gero, gure ingurunera estrapolatuz.

Nola baloratzen duzu muturreko eskuinak azken urteotan izan duen gorakada?

Izutu egiten nau, horrek arrazakeriaren eta eraso arrazisten gorakada ere badakarrelako, eta, ondorioz, denok atzera eginarazten gaitu gizarte gisa.

Zer iruditzen zaizkizu Zurrumurrurik Ez bezalako ekimenak?

Beharrezkoak eta miresgarriak dira, gizarte hobe baterako kontzientziatzeko borrokatzen baitute.

"'Beltza' hitza ez esateko erabiltzen den berba okerra da, eta ulertu behar dugu beltza ez dela hitz gutxiesgarria"

Elkarrizketaren batean, pertsona koloredunaren eufemismoaren aurka agertu zara. Zergatik?

Izan ere, “beltza” hitza ez esateko erabiltzen den berba okerra da, eta ulertu behar dugu beltza ez dela hitz gutxiesgarria eta, beraz, ez zaiola eufemismorik bilatu behar. Pertsona bat ez da beltzarana, ez iluna. Beltza da.

Mota honetako lanak idazteaz gainera, modako influencer-a ere bazara. Nolakoa izan da horretarako bidea?

Konplikatua, askotan ateak itxi dizkidatelako nire azal-koloreagatik, Espainiako Estatuan ez dagoelako benetako aniztasunik, inondik inora. Mundu honetan ibiltzen den lehenengo beltza naizenez inguruotan, hasieran jende askok galdetzen zidan ea nork gonbidatu ninduen ekitaldietara iristean. Beste askotan, markek esaten zidaten ez zutela nirekin lan egin nahi nire ilea bezalako ezaugarriengatik. Baina nik ez dut inoiz amorerik eman pertsona horien ezezkoen aurrean, nahiago baitut nigan irudikatuta dauden neska beltz horiekin geratu. Garrantzitsua da denok ordezkatuta sentitzea; aniztasuna eta inklusioa beharrezkoak eta premiazkoak dira gizarte gisa aurrera egiteko.

Instagram edo sare sozialei begiratu labur bat emanez, modaren munduan arrakasta handiena duten pertsonak gizon-emakume zuriak direla dirudi. Zergatik?

Egia esan, uste dut algoritmoak bezalako tresnak profil zuri gehiago goraipatzeko konfiguratuta daudela beltzak baino. Deserosoa da ikustea nola hitz egiten diren askorentzat arrotzak diren gai batzuez beren posizio pribilegiatutik, ez baitute ondokoarekin enpatizatzeko gaitasunik. Baina pertsona positiboa naiz, eta sinetsi nahi dut aldiro aliatuak ditugula, hala nola zuek, Getxoko Zurrumurrik Ez ekimena edo beste plataforma batzuk, eta horiek ez dutela beste aldera begiratzen, baizik eta inplikatu egiten direla eta ikusgarritasuna ematen diotela borroka honi, azkenean guztiona baita.

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun