Indusketa-arkeologikoak ezagutzeko bisita gidatuak egingo dituzte, horiek erakusten duten historia beren-beregi ezagutzeko. Diseinatutako bisita eta jarduera horiek indusketa ireki eta bizia erakutsiko dute, Begoñako galerien berreskuratze integralerako eta birfuntzionalizazio sozialerako proiektuaren paisaia- eta historia-testuinguruan.
Hamabostaldian zehar, bisitariek duela 4.800 urteko Kalkolito Aroko kokalekua ezagutu ahal izango dute, gizartea eraldatzeko une garrantzitsua. Aurreko kanpainen ondorioek agerian utzi dute “Historiaurrean ere leku hori paisaiaren gune estrategikoa zela, eta bertatik kontrolatzen zela lurraldea”, Fundaziotik adierazi dutenez. Aurkitu eta aztertu diren aztarnek erakusten dute gure lurraldean izandako aire libreko lehen giza kokalekuen adierazpen nabarmenetako bat, kobazuloetako bizitokien ordez.
“Punta Begoña Fundazioak hainbat jarduera programatu ditu gizarteari, in situ eta arkeologia-taldearen eskutik, gure historiako une erabakigarri hura, aurkikuntzak interpretatzeko gakoak eta haien garrantzia erakusteko. Bizkaiko herri haiek zergatik atera ziren haitzuloetatik eta zergatik erabaki zuten Punta Begoñan finkatzea”, adierazi du Amaia Agirre fundazioko lehendakari eta Getxoko alkateak.
Arkeologiaren Hamabostaldiak abendura arte galerien areto nagusian egingo den “Liburuaren arbola” erakusketari emango dio bide.