Argitaratzen duzun bigarren sorkuntza liburua da Nire baitako ahotsak. Zer aurkituko du irakurleak oraingoan?
Liburu hau funtsean mikroipuin bildumatxu bat da. Bertan 31 mikronarrazino batu dodaz. Mikronarrazinook 2021eko abuztuan idatzi nenduzan, erronka baten eran: abuztuak zenbat egun, horrenbeste mikrokontakizun. Bat eguneko. Hortik 31 izate hori.
Zergatik erabaki zenuen erronka hori hartzea?
Nik testuliburugintzan dihardut aspalditik, halandaze, egunaro ibilten naz idazten, sortzen, itzultzen, egokitzen… Gustura nabil mundu horretan, baina hor sortzen dodan duztia gidatuta dago, ez da barrutik urtenekoa edo burutik pasekoa. Nire baitako ahotsak liburuan normalean azaleratzen ez dodazan barruko ahotsak agertudodaz. Ganera, udako opor sasoia egokia da horretarako, behar kontuak aldi baterako baztertuta, gogoak idazteko behar dauan patxadea lortzen daualako. Erronkarena neure burua gitxieneko ekoizpenera behartzeko estrategia baino ez zan izan. Egunaro idazten nenduna lagun bati bidaltzen neutson whatsapp-ez, eta berak eritzia botaten eustan bueltan.
Nori dago zuzenduta?
Danok dakigunez, oro har, gazteek gitxi irakurten dabe gaur egun, eta are gitxiago idatzi; eta egiten daben apurra irakasleek derrigortuta, eta oso era neurtuan. Alderdi horretatik aituta, mikronarrazinoek aproposak dirudie gitxi irakurteko jokera daukenentzat. Bestetik, liburuaren bigarren zatian 31 narrazino horreek idazterakoan ibili dodazan ideiak, asmoak, motibazinoakazaldu dodaz. Hustuketa ariketa bat egin dot, strip-tease moduko bat. Hori ez da lar ohikoa euskal literaturan. Ideia Joseba Sarrionandiaren Atabala eta euria liburuko post scriptumetik hartu nendun. Baina nik iruzkinak zabalago eta sakonagoak egin dodaz. Beraz, liburua irakurten dauanak helduleku bi dekoz: batetik, mikrotestuak eurak, eta bestetik, testuon inguruko sorburuak. Horretara, sorkuntza prozesuaren alde biak ikusten dira, aurrekoa eta atzekoa.
Iaz, Barrikako Mikroipuin Lehiaketako lehen saria jaso zenuen euskarazko sailean. Sari hark eragina izan zuen liburu honen sorkuntzan?
Barrikako lehiaketea izan zan, hain zuzen bere, kontakizun laburrak idazten hasteko pizgarria. Lehiaketearen iragarpena ikusi eta aprobatxu bat egiteko gogoa egin jatan. Hango saria irabazteak bigarren ahalegin bat egitera eroan ninduan, eta lehendik buruan nerabilezan ideiak mikroipuin formatuan idazteko unea heldu zala pentsatu nendun. Eta hortixek sortu zan liburua. Orain, kontuari gustua hartuta nago, eta ahal bezain sarri idazten dodaz mikronarrazinoak.
"Hango saria irabazteak bigarren ahalegin bat egitera eroan ninduan, eta lehendik buruan nerabilezan ideiak mikroipuin formatuan idazteko unea heldu zala pentsatu nendun"
Ia 27 urte pasa dira Ditxosozko ditxolaria umeentzako eleberria argitaratu zenuenetik. Ordutik hainbat liburu itzuli eta argitaratu dituzu. Orain zergatik mikroipuinak?
Nire lehenengo sorkuntza liburua, Ditxosozko ditxolaria, 1995ean argitaratu zan Alfaguara&Zubia zigilupean. Ha liburua 10-12 urteko gaztetxuentzat idatzi nendun. Orduan, sano sartuta nenbilen bertsogintzan, eta liburuko protagonistea 12 urteko ume testulari edo ditxolari bat izan zan, hau da, bertsolaria izan barik, berbak errimateko abilezia eukan mutikoa. Haren abenturak kontatu nenduzan orduko esperimentu haretan. Oraingo liburua, barriz, gazte eta helduei begira idatzi dot. Oraintsu irakurri dotset Annie Ernaux Literaturako Nobel Saria lortu barri dauan idazle frantziarrari, egin dotsen alkarrizketa baten, edozein istoriok merezi dauala kontatua izatea. Ni neu bere uste horretakoa naz, eta neure irudiko, istorio xumeak bere, kontateko modukoak dira. Liburu honen atzean filosofia horixe dago.
Literaturan ohikoagoa da lan mardulak aurkitzea, istorio laburrak baino. Zuk laburren aldeko apustua egin duzu.
Oraingoan bai. Ez dekot ezer lan luzeen kontra, baina estimu handia dekotset pieza txikerrei. Maite dodaz mosaikoetako teselak. Liburuan xeheago kontaten dot zelan maitemindu nintzan kontakizun laburrakaz. Zoragarria da literaturaren arte txikia. Zer goxo irakurten diran mikrotestuen miszelaneak, Sarriren Ni ez naiz hemengoa edo Ez gara geure baitakoak, kasurako. Gaztetxutan alegi liburu bat oparitu eusten eta gauero alegi bat irakurten nendun. Alegiaren mezua ulertu guran hartzen ninduan loak beti. Eta mikrotestuakazko zaletasun hori jendeagaz partekatu gura dot. Eta aldi berean jendea animatu, idazteko aproba egin daian.
Hori da liburuaren amaieran proposatzen duzun erronka?
Hain zuzen bere. Gaur egun, bide egokiak dekoguz mikronarrazinoak zabaltzeko. Sare sozialak deitzen dotsegu. Sare sozialak bide egokia izan daitekez sorkuntza lanak ezagutzen emoteko. Nire lagun batek poesia liburu bat argitaratu dau bide horretatik hasita: lehenengo olerkiak sareetan zabaldu, ondoren jendearen onespena jaso, eta hortik obra bat argitaratzera heldu. Hori barria da. Lehenagoko denboretan idazleak atez ate ibilten ziran, euren lana nork argitaratuko.Askoz mundu zurrunagoa zan ordukoa.Gaur egun, zorionez, edonork idatzi daike, eta jende gehiagorengana heldu.
"Gaur egun, bide egokiak dekoguz mikronarrazinoak zabaltzeko. Sare sozialak bide egokia izan daitekez sorkuntza lanak ezagutzen emoteko"
Badago sorpresa gehiagorik liburuan?
Horrez gain, amaieran beste atal bi gehitu dodaz: Mikroipuinak eta ni eta Mikroipuinak eta zu. Lehenengoan, mikroipuinetara heltzeko nire esperientzia pertsonala azaltzen dot, zeintzuk izan ziren nire lehenengo erreferentziak, adibidez, Xabier Amurizaren Oinak liburua. Berak Egin egunkarian edozein gairen inguruan idazketa xinple bezain sorgingarriak egiten euzan. Hortxe hasi nintzan testu mota horri erreparatzen. Gero, Sarrionandiaren Narrazioak deskubritu nendun. Nire etxeko libururik irakurriena edo da. Azalak guztiz maiztuta dekoz, kar, kar... Nire erreferentziazko hirugarren idazlea Roald Dahl da. Gaur egun, umeentzako idazle moduan dago sailkatuta eta bere hainbat lan zinemara eroan dira. Dana dala, umeentzako idazten dauala emoten badau ere, nik esango neuke helduen barruan dagoan umea ataraten dauala, bai eta umeen barruan dagoan heldua bere. Tales of the unexpected liburua errelato laburren generoko artelana da.
Beraz, literatura sare sozialen eta teknologia berrien mundura eramateko proposamena ere egiten duzu?
Bai, hori da. Esan dotsudan legez, nik Whatsappa erabili nendun nire lagunari mikroipuinak bidaltzeko. Feedbacka bere,bide beretik jasoten nendun, arin bere arin! Instagrameko eta TikTokeko istorioak bere, zer dira ba? Ez ete dira horreek bere, mikronarrazinoak? Hainbat ideia hartu daitekez hortik. Eta gero, jakina, irakurketa zabalago eta sakonagoakaz osatu. Halango baten konturatzen zara irakurten dozun orri bakotxetik hainbat orri sortzeko ideiak sortu daitekezala, sortzaile txipa iminten badozu, prefosta.
Lehen esan duzu zure lehenengo sorkuntza liburuan bertsogintzak eragina izan zuela. Eta oraingo honetan?
Ez naz horren bila ibili, baina seguru antzean bai, zeharka bada bere. Azken baten, mikronarrazinoa ez ete da prosazko bertsoa? Badeko hasikera; badeko gorputza, puntuen arteko lotura eta duzti; eta badeko azken puntua. Beharbada ez da kasualitatea bertsolariak zutabegile trebeak izatea. Bertsoaren formatua menderatzen dabe, eta erraz sortzen dabez berba gitxiko baina indar handiko zutabeak.