Zapatuan, Bertsolari Txapelketa Nagusiaren hirugarren finalaurrekoa jokatu zen Irungo Ficoba erakustazokan. Ane Labaka Mayoz, Jone Uria Albizuri, Nerea Ibarzabal Salegi, Sustrai Colina Acordarrementeria, Maddalen Arzallus Antia eta Miren Artetxe Sarasola izan ziren oholtza gainean aritu ziren bertsolariak; aldiz, Maialen Belarra Enterreaga arduratu zen gai-jartzaile lanez.
Ariketa guztiak egin ondoren, Sustrai Colina gailendu zen 710 puntugaz; horri esker, azaroaren 26an Baionan egingo den bigarren finalaurreko itzulirako txartela zuzenean eskuratu zuen. Horrela geratu ziren gainontzeko lehiakideen puntuazioak: Nerea Ibarzabal 673, Jone Uria 660,5, Miren Artetxe 644,5, Maddalen Arzallus 635 eta Ane Labaka 631,5.
Bertsolariek honako lan hauek egin behar izan zituzten: binaka zortziko handian, txikian, puntutan eta seiko motzean; eta ganbarako lana, amaitzeko: “Kalean zoazela, haren ahotsa entzun duzu. Hunkitu egin zara.”
Uriaz gain, zapatuan, Joseba Santxo Uriarte ALBEko kidea ere epaile-lanetan aritu zen saioan, beste sei kidegaz batera.