Bertsolari Txapelketa Nagusiko lehen faseko azken saioak egin zituzten Donostian eta Lizarran, zapatuan eta domekan, hurrenez hurren. Horietan izan ziren lehiaketan parte hartzen ari diren eskualdeko ordezkari bakarrak: Jone eta Imanol Uria. Lehenak garaipena lortu zuen Donostian, beraz, zuzenean pasako da hurrengo fasera; aldiz, bere neba ez da finalaurrekoetarako sailkatuen artean egongo, ez baitzuen horretarako puntuazio nahikoa lortu.
Alde batetik, zapatuan, Uriak 706 puntu lortu zituen eta haren atzetik geratu ziren Onintza Enbeita (688 puntu), Aitor Etxebarriazarraga (682,5), Maddalen Arzallus (678), Eñaut Martikorena (674,5) eta Beñat Iguaran (659). Txapelketako hurrengo saioa azaroaren 5ean egingo du algortarrak, Irunen jokatuko den finalaurreko lehenengo itzuliko hirugarren saioan.
Bestetik, domekan, Lizarrako Los Llanos aretoan egin zuten lehen faseko azken saioa. Horretan, Aitor Bizkarrak bildu zituen puntu gehien: 693,5. Jarraian geratu ziren Asier Azpiroz (666 puntu), Maialen Akizu (658,5), Imanol Uria (652), Unai Gaztelumendi (630,5) eta Iñigo Mantzizidor Mantxi (622,5).
Lehen faseko saio guztietan, bertsolariek zortziko nagusiko eta txikiko saioak egin behar izan zituzten lehenik, eta, horren ostean, puntu erantzunak eta hamarreko txikiko ariketa. Azkenik, ganbarako lanean aritu ziren eta saioak agurragaz bukatu zituzten.
Sailkapena
Finalaurrekoetan 24 bertsolari arituko dira: lehen faseko sei saioetako irabazleak eta puntuazioaren arabera sailkatutako beste 18 bertsolari. Bigarren faseak bi itzuli izango ditu: lau finalaurreko izango dira lehenengoan eta hiru bigarrenean. Bi saioetako puntuazioak gehitu egingo dituzte, baina lehen itzulian puntu gutxien lortu duten sei bertsolariek bigarren itzulian kantatzeko aukera galduko dute. Taldeak aldatu egingo dituzte lehen itzulitik bigarrenera.