Munduko Futbol Txapelketa hartuko du aurten, azaroaren 21etik abenduaren 18ra, Qatarrek, eta horren testigu zuzena izango da Jon Kareaga. Izan ere, tokiko Al-Khor Sports Clubeko futbol-taldea entrenatzen dabil egun algortarra. Urtebete emango du han, etorkizunera begiratu barik orainaz gozatzen saiatzen.
Zergatik Qatar?
Egunero Lezamara joatea amets bat izan da. Txikitatik Athletic taldea bihotzean eraman dut eta bertan bizi izandako momentuak ez ditut inoiz ahaztuko. Denboraldia bukatzeko zorian zegoela Qatarretik jaso nuen kontratu profesional bat hango talde bat entrenatzeko.
Zelan bizi izan duzu aldaketa?
Aldaketak ezinbestekoak dira, baina atzean neska-laguna, familia eta lagunak uztea ez da gauza erreza. Hala ere, hemengo jendeak asko lagundu nau etxean bezala sentitzeko.
"Oraindik gogoan ditut 1994ko Txapelketako partidak nire familiak Aulestin zeukan telebista txiki horretan. 28 urte geroago Munduko Futbol Txapelketa bat zuzenean bizitzeko aukera izango dut"
Alde handia dago leku batean zein bestean entrenatzeko moduan?
Futbola kirol internazionala da, eta atzerrira joaten zarenean konturatzen zara kirol honek duen handitasunaz. Alde handiak daude, baina desberdintasun kultural eta sozial guztiak baloia mugitzearekin bukatzen dira.
Irakaslea ere bazara. Zelan daramazu bi beharrok aurrera eramatea?
Nire bizitza osoa futbol-zelai eta ikasgeletan eman dut; ez dut neure burua beste leku batean ikusten. Azkenean, beste bizitzetan sortzen ditugun aldaketek geure zentzua zehazten dute. Nire desira umeen eta pertsonen bizitzak hobetzen saiatzea da.
Zelan laburbilduko zenuke zure entrenatzaile-ibilbidea?
Luzea eta polita. 17 urterekin hasi nintzen entrenatzen, nire herriko taldeetan hasieran. Harrobitik talde guztietatik pasatu nintzen, 3. mailara heldu arte. Igoera eta txapelketak irabazi ditugu eta nire barnean gordetako oroitzapenak izugarrizkoak dira. Gainera, munduko hainbat herrialdetan egoteko aukera izan dut, eta horrek futbola ikuspuntu ezberdinetatik ikustea lagundu dit. Halere, bereziena Athletic zuzentzea izan da. Hori bai izan dela esperientzia hunkigarria.
Zergatik entrenatzaile? Nondik datorkizu zaletasun edo grina hori?
Txikitatik futbola izan dut barnean. Irakasle asko nirekin haserretzen ziren beti egoten nintzelako futboleko gauzak egiten edo futboleko kromoekin jolasten. Baina nire familia izan da gogor lan egitearen eta pertsona ona izatearen garrantzia irakatsi didana. Hori gabe, gaur ez nintzateke nagoen tokian egongo.
Zer da futbola zuretzat?
Jende askori esaten diot futbolak aurrerago bizitzan gertatu zaizkidan gauzen aurretik jarri nauela. Argi dago futbola baino gauza garrantzitsuagoak daudela bizitzan, baina futbola gauza garrantzitsuenetara iristeko lehen eskuko ibilgailua izan daiteke.