Argia Ereiten Saria eman diote Geroa Ikastolari bere 50 urteko ibilbidean egindako lanagatik

Erredakzioa 2022ko aza. 18a, 12:55

Loli Hernadez Geroa Ikastolako zuzendaria Ibon Garagarzak sortutako eskultura jasotzen, atzoko sariketan. © GETXOKO UDALA

Loli Hernandez zentroko zuzendariak jaso zuen XIII. edizioaren saria, Ibon Garagarzak egindako eskultura, Muxikebarri ospatu zen ekitaldian. Amaia Agirre alkate getxoztarrak Argia Ereiten Euskara saria eman zion atzo arratsaldean, azaroak 17, Geroa Ikastolari, bere 50 urteko ibilbideko konpromisoa eta lana aitortzeko.

Alkateak Geroa Ikastola zoriondu ondoren, nabarmendu zuen berarentzat beti dela pozgarria ikastetxe bat saritzea, etorkizuneko pertsonak formatzeko erantzukizuna dutelako eta ikastetxe honen kasuan gainera euskararen komunitatea indartzea helburu duen kolektibo bat saritzen delako. “Geroa Ikastola, Andra Mari auzoak auzolanean egindako ahalegin baten kronika da; belaunaldi berriei etorkizuna eskaintzea eta euskarari hasiera berri bat emateko asmoz egin zen esfortzu baten kontaketa. Denetarako balio duen hizkuntza bat nahi eta behar dugulako, ez liburuetan geratzen dena baizik eta kaleak apaltzen dituena. Eta hori eskaintzen jardun izan du gaur saritutako Geroa Ikastolak, fruituak zabaltzen, pertsonak formatzen, euskara kaleratzen, auzoa aberasten”, adierazi zuen atzoko galan, Agirre alkateak.

Loli Hernandez zuzendariak, ikastolaren izenean, eskerrak eman zituen, eta “geroatarren” komunitateari eman zion garrantzia, Geroa Ikastolaren aitzindariek, gurasoek, langileek, ikaslek eta ikasle ohiek osatuta. “Geroa Ikastola Andra Mari auzoak egindako ahaleginetik sortu zelako eta oraindik ere, Geroa auzoan oso errotuta dagoelako, auzoan euskara eta euskararen komunitatea indartzeko lanean”. 230 bat lagun hurbildu ziren atzo Argia Ereiten Euskara sariaren emate-ekitaldira, giro polita eta hunkigarria sortuz.

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun