Atzoko finalaurrekoa sailkapen-izaerakoa zenez, irabazlea zuzenean sailkatu zen finalera eta beste taldea, kasu honetan Uribe Kostakoa, kaleratua izan zen. Lea Artibaiko taldeak abenduaren 1ean Bilboko BBK aretoan egingo den finalean izango duen aurkaria Durangaldea eta Uribe-Butroeko bertsolarien arteko sariketan erabakiko da bihar, Barakaldon.
Atzoko saioko Uribe Kostako ordezkariak bi taldetan egon ziren banatuta adinaren arabera: 18 urte arte, Naroa Jaio, Maialen Lago eta June Diaz; eta 19 eta 25 urte bitartean, Peio Lago, Peru Irastorza eta Paule Loizaga.
Atzoko saioko aurkezlea Xabier Irakulis izan zen eta epaimahaia Beñat Romerok, Juanjo Respaldizak eta Miriam Juaristik osatu zuten. Bestalde, Bizkaiko Bertsozale Elkartearen arabera, saioan zehar giro oso ona egon zen lehiakide guztien artean.