XXX. Bertsolari Gazteen BBK Sariketa

Uribe Kostako bertsolari gazteen taldea gailendu da Leioako saioan

Ander Zarraga 2022ko aza. 10a, 15:46

Eguazteneko saioan parte hartu zuten bertsolarien talde-argazkia. © BERTSOZALE ELKARTEA

Eguaztenean, Leioako Betiko Ikastolan jokatu zen XXX. Bertsolari Gazteen BBK Sariketaren 2. saioa, Uribe Kosta eta Hego Uribe taldeen artean. Etxeko taldeak lortu zituen puntu gehien, beraz, azaroaren 21an Zornotzan jokatuko den lehenengo finalaurrekorako txartela lortu zuten.

Uribe Kostako taldea bi adin-tartetan egon zen banatuta; batetik, 18 urte arteko taldean egon ziren Naroa Jaio, Maialen Lago eta June Diaz; eta, bestetik, 19 eta 24 adin tarteko taldean Peio Lago, Unai Mendiburu eta Kerman Diazek parte hartu zuten.

Hurrengo saioa azaroaren 21ean jokatuko dute Zornotzako Zelaieta zentroan, 18:00etan, txapelketako lehen saioan gailendu zen Lea Artibaiko taldearen aurka.

Finala abenduaren 1ean

Guztira, Bizkaiko eskualde desberdinetako 55 bertsolari inguru arituko dira kantuan XXX. Bertsolari Gazteen BBK Sariketan: Arratia, Busturialdea, Durangaldea, Enkarterri/Ezkerraldea, Lea Artibai, Uribe Butroe, Hego Uribe eta Uribe Kosta. Talde bakoitzean, sei kidek kantatuko dute bi multzotan banatuta: 18 urtera arteko bertsolariak eta 19 urtetik 25 urtera arteko bertsolariak.

Txapelketako finala finala abenduaren 1ean izango da Bilboko BBK Salan. Tartean, lau kanporaketa, bi finalaurreko eta finala jokatuko dituzte.

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun