Horrez gainera, joan den astean (azaroaren 11n), ordurako 138 aurretiko hitzordu eskatuta zeuden HAPOren Idazketa-taldeagaz, eta horietatik 102 bilera egin dituzte banakako kontsultetarako. Era berean, Salsiduko bizilagunen eskaerari erantzunez, erredakzio-taldearen eta auzo-ordezkaritza baten arteko berariazko bilera bat egingo dutela jakinarazi du Udalak, "Zubilletako jarduketa integratua aztertzeko".
Hitzaldi publiko horiek amaitu baziren ere, 2023ko urtarrilaren 15era arte egongo da zabalik dokumentuari buruzko informazioa jasotzeko eta alegazioak aurkezteko aukera, honako kanal hauen bidez:
- Erakusketa iraunkorrak RKE-Romo Kultur Etxean, Andra Mariko eta Fadurako kiroldegietan. Lehenengo bi kokalekuetan paperezko bertsio osoa dago eskuragarri.
- Parte-hartze digitala Egoitza Elektronikoaren bidez (www.getxo.eus), erregistrotik.
- Herritarrentzako aurrez aurreko arreta. Beti eguna eta ordua eskatuz, erredakzio taldearekin banakako bilerak eta kontsultak egin ahal izango dira. Aurretiko hitzordua eskatzeko: on line, 010 / 94 466 000 telefonora deituz edo aurrez aurre hiritarren arreta bulegoetan: Algortako HAB (Torrene kalea 3) eta Romo-Areetako HAB (Las Mercedes kalea 13, Getxo Elkartegiaren ondoan).
Udalaren webgunean (www.getxo.eus) dago irekitako prozesuan parte hartu ahal izateko informazio guztia, eta HAPOren dokumentu osoa hemen kontsulta daiteke: www.hapo-getxo.eus
Prozesua
Gaur egun indarrean dagoen HAPO 2001ekoa da, eta horren berrikuspena "nahitaezkoa" dela azpimarratu du Udalak: "HAPO berrirako bidea prozesu luzea da, eta herritarren partaidetzako hainbat une izan ditu, plana aberastuz joan direnak".
Udalak zabaldu duenez, 2013 eta 2015 artean hainbat saio egin zituzten ‘lantaldeak’ deitutakoakaz, eta horietatik Getxorako aukera desberdinak sortu ziren. "Alternatiba horiek, jatorri teknikoko beste batzuekin batera, HAPOren Aurrerakina osatu zuten", azaldu dute udal-arduradunek.
2018an, HAPO berriaren Aurrerakina jendaurrean azaldu zuten, hainbat ekintza konbinatu zituen parte hartzeko prozesu bategaz: lau informazio-saio Getxoko hainbat puntutan, parte hartzeko bost saio presentzial, haur eta gazteakaz egindako saioak, talde politikoakaz egindako saio bat, 44 banakako bilera eskatu zutenakaz, 150 laguneko ausazko laginketa bat, Plangintzako Aholku Batzordeagaz egindako saio bat eta partaidetza digitala. "Guztira, 750 lagun baino gehiagok parte hartu zuten fase hartan", Udalak dioenez.
Aldi berean, hiru erakusketa publiko egin zituzten, Getxoberri-ren gehigarri bat, eta Aurrerakinaren informazio guztia HAPOren webgunean jarri zuten.
2019an, herritarren parte-hartzeari ekin zioten berriro, oraingoan genero-ikuspegia HAPO berrian txertatzeko, eta lan horrek Eusko Jaurlaritzaren diru-laguntza jaso zuen.