Elkarrizketak

Salsidualdeko auzokideak: "Getxoko HAPOari helegiteak egiteko epea oso txikia da"

Iker Rincon Moreno 2022ko aza. 22a, 10:31

HAPO berriagaz eraistea aurreikusita dauden etxebizitza batzuk.

Getxoko Udalak joan den eguenean amaitutzat eman zituen HAPO berria izango den proiektua aurkezteko berbaldi publikoak. Orain, herritarrek urtarrilaren 15era arte izango dute epea dokumentuari buruzko informazioa jasotzeko eta alegazioak aurkezteko. Proposamenak ezinegona eragin du hainbat herritarren artean, eta horren kontrako mezuak zabaltzen hasi dira udalerrian, proiektuak hainbat etxebizitza eraistea aurreikusten duelako, besteak beste. Horren kasua da Salsidu eta Salsidualdeko ingurua, eta tokiko hainbat auzokidek euren iritzia partekatu dute HIRUKAgaz.

Getxoko Udalak HAPO berria aurkezten ibili da egunotan publikoki. Hori aztertu ondoren, hainbat auzokide batu eta horren kontrakotasuna agertu duzue; zer dela eta?

Alde batetik, orain bizi garen etxeak plan honetan botatzea aurreikusten delako eta etxebizitza dorreak eraikiko direlako gure etxeak dauden tokian; guk gure etxeetan bizitzen jarraitu nahi dugu. Eta beste alde batetik, 4.600 etxe inguru eraikitzea Getxon gehiegikeria dela ikusten dugulako.

Orokorrean, zer iruditzen zaizue proiektua?

Euren kalkuluen arabera, legeak onartzen duen topea eraikitzea aurreikusten dute, eta herritarren etxebizitza-arazoak beste era batean hobeto konpondu ahal direla uste dugu. Adibidez, hutsik dauden etxebizitzak (inor ez dena horietan bizi eta bigarren etxebizitza bezala ere ez direnak erabiltzen) alokairura aterata, dauden etxebizitzen berrerabilera lehenetsiz berriak eraikitzearen aurrean, eraikitzen diren etxebizitza berri gehiago alokairura bideratuz, eta ez salmentara… Azken finean, gehiago eraikitzeak ez du konponduko gazteen arazoa ez badute gazteen diru sarrerekin bat egiten.

Horretaz gain, Getxoko urbanismo berriarekin herriaren nortasuna galtzen ari garela ikusten dugu, 100, 200 eta 300 urteko etxeak botatzen dituztelako eta horren ordez bloke karratuak eta teilarik gabekoak eraiki. Etxeei begiratuta, ez da desberdintzen Getxon ala Sevillan eraiki diren; Salsidualden esate baterako, Eusko Jaurlaritzak ondare kultural izendaturiko baserriak eta etxeak desagertuko dira plan honekin.

"20 urte lantzen egon direna guk 3 hilabetetan aztertzea eta proposamenak egitea planteatzen dute, gu pertsona arruntak izanda, eta ez adituak haiek bezala. Ez da bidezkoa"

HAPO berriari alegazioak egiteko epea ireki du Udalak...

Bai, Udala aurkezpen publikoak egiten ari da, eta herritarroi alegazioak egiteko aukera ematen digu, baina horretarako eman duten epea oso txikia da, eta ez dugu ulertzen nola aldi berean izan daitezkeen azalpenak eta helegiteak egiteko denborak. Lehenengo informazio guztia jaso beharko genuke, eta gero horren aurrean proposamenak egiteko aukera izan. Haiek 20 urte lantzen egon direna, guk 3 hilabetetan aztertzea eta proposamenak egitea planteatzen dute, gu pertsona arruntak izanda eta ez adituak haiek bezala. Ez da bidezkoa. Gainera, zalantza dugu kasu egingo duten ala ez.

Planaren lanketaren hasieran burutu zen prozesu parte-hartzailean parte hartu zuten gehiengoek bukaeran taldea utzi zuten erabiliak sentitu zirelako. Hura prozesu parte-hartzaile bat zela saldu zuten, baina errealitatea zen proposatzen zutenari jaramonik ez ziotela egiten, eta horrela izan zen, guztietatik plana aurrera eramateko hartu duten proposamena bik bakarri defendatzen zutelako (kasualitatez eraikitzaileen abokatuak ziren).

“Los Puentes” deituriko etxeak, adibidez, uholdeak egongo balira sortzen den arazoagatik kentzea aurreikusten da, baina auzokoekin adostu gabe egin dute, benetako arazoari, hau da, ibaiaren arroa hobetzeari, inolako konponbiderik eman gabe.

Beste alde batetik, Andra Mari eta Azkorri inguruan aurreko planean lur guztia zen eraikigarria, eta, oraingoan, zati bat berriro bueltatzen da “landa-eremu” izatera. Positiboa ikusten dugu aldaketa hori, guztia babestea hobeto litzatekeen arren, baina tira, behintzat pausu garrantzitsu bat eman da. Proposamena izan beharko litzateke eremu hori babes bereziko gune izendatzea, hurrengo planetan ere babestuta jarraitzeko.

Zerk sortzen dizue zalantza edo ezinegon gehien?

Alde batetik, gure etxeekin zer gertatuko den eta noiz ez jakitearen zalantzak sortzen duen ezinegona. 2005-2008 urteen artean antzeko saiakera bat egin zuten gure auzoan, etxeak bota eta blokeak eraikitzeko. Une hartan, auzotarrak elkartu eta proposamen alternatibo bat aurkeztu genuen, Udalak hasiera batean aintzat hartu zuena. Hala ere, azkenean, Udalak beti gehiago eraiki nahi zuen, akordioa ezin izan zen gauzatu eta etorri zen krisiarekin dena ezerezean gelditu zen. Horrek, gure etxeak egoera prekarioan utzi dituzte urte luzez, beti botatzeko arriskupean.

Bestalde, eraikuntza ereduak ere beldurtzen gaitu, herri mailan egin diren beste auzo batzuetan egin dena ikusita. Hezetasuna auzoan ikusi ditugu bloke berriak hesiz inguratuta eta auzoa hutsik, bizilagun berriak kotxez ailegatu eta kotxez alde egiten dutenak, inolako auzo bizitzarik gabe. Naturaren ikuspuntutik ere tamalgarri utzi dute ingurua, inolako zuhaitzik ez landa gunerik gabe.

"'Los Puentes' inguruko etxeak eraistearen erabakia larria da, etxe horietan hobekuntza obra handiak burutu dituztelako, bai fatxadak bai igogailuak jarrita, eta guztia Udalaren baimenekin, jakinda haien asmoa etxe horiek eraistea zela"

Esandakoen artean, zalaparta sortu du Salsidu inguruko etxebizitzen aferak, horiek eraisteko iragarpenak, hain zuzen. Zer aurreikusi du Udalak bertan, eta zer diote tokiko bizilagunek horren harira?

Salsidu eta Salsidualdeko etxetxoak, baserriak eta estratak desagertu eta pisu asko dituzten blokeak eraikitzea aurreikusten da, alboan dagoen poligono zuriaren estiloko beste 8 eraikin egitea. Horretarako erabiltzen duten argudio edo aitzakia nagusia da “Los Puentes”-eko bizilagunen etxeak eraistearen beharra, baina erabaki hori haiekin inolako kontsultarik egin gabe egin dute, gurekin egin duten bezala. Ez dute gure iritzirik galdetu, ez gurekiko inolako begirunerik adierazi.

Haien kasuan, gainera, erabaki hori oso larria dela iruditzen zaigu, azken denboraldian etxe horietan hobekuntza obra handiak burutu dituztelako, bai fatxadak bai igogailuak jarrita, eta guztia Udalaren baimenekin, jakinda haien asmoa etxe horiek eraistea zela. Ezin da ulertu.

Ildo horretan, uholdeen arazoei aurre egiteko zeintzuk proposamen aurreikusten dituzte auzokideek?

Hori “Los Puentes” etxeetan bizi direnekin adostu beharko litzateke, baina batzuek teilatua, fatxada eta igogailua berriak jarri dituzte orain dela gutxi, eta orain botatzea ez dute ondo ikusten. Agian beheko solairuetan bizi direnak izan dezakete arazo larriena, uholdeak egonez gero etxebizitza urez betetzen delako, eta etxe horietakoak birkokatutzea ez al zen nahikoa izango? Bloke osoak bota behar dira? Jasangarritasunaren ikuspuntutik ez dugu uste erabakirik aproposena denik.

Dena den, URA-k plan bat zuen uholde-arriskua jaisteko, zati bat egin zen eta asko hobetu da. Plan hori bukatzea eta ondoren ikusita guztira zenbat hobetu den hartu beharko lirateke erabakiak.

Bestalde, Getxoko Udalak herritarrekiko erantzukizunik izan ez duela deitoratu da proiektuaren aurkezpenetan. Udalak herritarren interesak kontutan hartu ditu proiektua garatzerakoan?

Planaren hasieran legez egin behar zen prozesu parte-hartzailearen emaitza ikusita, gure susmoa da enpresa eraikitzaileen interesei herritarronei baino kasu gehiago egiten dietela. Ikusi beharko da zenbat kasu egiten duten herritarron alegazioei.

Zer-nolako HAPO bat uste duzue beharko lukeela Getxok?

Herritarrekin adostutakoa. Ez lau urtean behin bozka eman eta gero nahi dutena egiteko edozein arlotan, natura-guneak, estratak eta nortasuna duten eraikinak errespetatuz. Herri bizia sustatuko duena, kalean paseatu, jolastu, bertan erosi eta bizi ahalbidetzen duena.

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun