Gida Bira ekimenak Bizkaiko museo eta aretoetako ondarea eta bertsogintza batuko ditu, bisitariei esperientzia kultural berezi eta erakargarri bat luzatzeko helburuagaz; hain zuzen, abenduaren 3an eta 4an, goizez, museo eta aretoetan, bisita gidatuak bertsolarien parte hartzeagaz egingo dituzte. Hala, bertsolariek haien ekarpen oparoa egingo diote gidarien diskurtsoari, bisitarien gozamenerako.
Ekimena Bizkaiko Foru Aldundiak kudeatzen dituen honako tokitan egingo da: Bakioko Txakoli Museoa-Txakolingunea, Balmasedako La Encartada Fabrika-Museoa, Bermeoko Arrantzaleen Museoa, Bilboko Arkeologi Museoa, Bilboko Ondare Aretoa, Bilboko Rekalde Aretoa, Gernikako Euskal Herria Museoa, Kortezubiko Santimamiñe, Muskizko El Pobaleko Burdinola Museoa eta Euskararen Etxeak antolatutako Liburuaren Arbola erakusketaren inguruan, Getxoko Punta Begoña Galerian.
Bisita gidatuetan parte hartzeko izena eman beharko da. Horretarako, ezinbestekoa da museo edota areto bakoitzagaz harremanetan jartzea. Informazio guztia www.bizkaikoa.bizkaia.eus eta www.euskararenetxea.eus webgunetan.