Egun hauetan, Begoñako Galeriak ezagutzera emateko ohiko bisita gidatuez gain, Getxo bonbardatu zuten 85. urteurreneko erakusketa ere dago bertan. Horretaz gain, aurtengo galerien agenda beteta dago daborduko, besteak beste, urrian egingo diren Ondarearen Europako Jardunaldiak direla eta antolatuko dituzten bisita gidatu bereziakaz, eta, abenduan, Euskararen Etxearen Liburuaren arbola erakusketa ibiltaria ere bertatik pasako delako.
Begoñako galeriak kudeatzen dituen fundazioko presidente Maria Peraitaren hitzetan, "Galeriak berreskuratzeko eta balioa emateko proiektuaren ezaugarririk nagusiena da erabilerarik gabe eta degradazio-egoera handian zegoen monumentu bat berreskuratzea eta erabilera publikoa ematea lortu dela".
Berritze-lanak egiten dituzten bitartean, taldeentzako bisita gidatuak antolatzean zaharberritze prozesua bertatik bertara ikusteko aukera ematen dutela dio Peraitak, "galeriak nola daude eginda eta azpian dagoena ere erakutsiz". Gainera, gaur gaurkoz, bisita gidatuak izugarrizko arrakasta ari direla izaten azpimarratu du, bai duten formatuagatik, batia bertan erakusten diren hainbat aspektuen interesgarritasunagatik ere.
"Labar honek gordetzen dituen milioika urteetako historia ezagutzera ematen dugu, geruzaz geruza desestaliz: dinosauroen garaian sortu zirenetik, historiaurreko aztarna arkeologikoetara, Karlistaldietako garaiko gotorlekutik pasata, gaur egun berreskuratzen ari garen Horacio Ecehevarrieta industria-gizonak amestu zituen galerietara", azaldu du zuzendariak. Gainera, aldi berean, bestelako kultur jarduerak ere antolatzen dira bertan, hala nola erakusketak, kontzertuak edo Getxophoto.
Elena Rodriguez gidetako batek dioenez, bisita paraleloak egiten dituzte, helduentzako interesgarriak direnak eta umeentzako sormena eta abentura bateratzen dituztenak. Izan ere, txikientzako bereziki erakargarria den formatua darabilte, obretako kaskoa jantzi eta esploratzaileak bezala galerietako bazter sekretuak deskubritzen dituztelako. "Bisitak elkarregaz egiten ditugunez, adin ezberdinetako pertsonek beraien bizitzan zehar toki hau nola ezagutu duten partekatzen dute, ondarearen ezagutza eta interesa areagotuz”, nabarmendu du Ane Zulueta gidariak.
Datozen jarduerak
Ondareak duen balioa eta atera ahal zaion etekina ikusarazteko, aurreko urteetan bezala, Ondarearen Europako Jardunaldietan ere jarduerak prestatuko dituzte aurten. Zentzu horretan, belaunaldi gazteei zuzendutako Ondarearen abentura bisita gidatuak egingo dituzte, "beraiek baitira gure ondarearen jarraikortasuna bermatzeko ardura hartuko dutenak", azpimarratu du Peraitak. Horretarako, tailerrak eta jolasak eskainiko dituzte, oraingo honetarako bereziko diseinatutako GaleryKIT bategaz.
Familientzako zuzendutako esperientzia horretan, belaunaldiz belaunaldi igaro den Begoñako galerien ondareaz ikasiko dute gaztetxoenek, duela 100 urte, galeriak eraikitzen ari ziren garian, hainbat esploratzailek mundua deskubritzen zuten bezala. Ondarearen Europako Jardunaldien testuinguruan egingo dituzten ekintzak urriaren 9an eta 23an izango dira, gazteleraz eta euskaraz, hurrenez hurren. Horien ordutegia 17:00etatik 18:00etara izango da, eta izen ematea www.puntabegonagetxo.eus webgunean egin beharko da.
Horretaz gain, azaroaren 17tik abenduaren 9ra Liburuaren arbola erakusketa ibiltaria ere izango da bertan. Euskararen Etxeak antolatu duen ekimenak liburuaren atal nagusiak erakutsiko ditu, hala nola letraren anatomia, testuaren fisiologia eta liburuaren biologia. Gainera, liburuan parte hartzen duten eragileak ere aztertuko dituzte: idazlea, editorea, irakurlea, inprenta eta, aldi berean, herritarrei euskal literatura eta argitaletxeen ekoizpenera hurbiltzen lagunduko die, Bizkaikoari arreta berezia eskainiz.