Bertsolari Txapelketa Nagusiak amaierarako bidea hartu du. Zapatuan izango da azken finalaurrekoa, Bilbon, eta bertan arituko dira sei bertsolari: Aitor Mendiluze Gonzalez, Amets Arzallus Antia, Joanes Illarregi Marzol, Jone Uria Albizuri, Maddalen Arzallus Antia eta Saioa Alkaiza Guallar. Gai-emaile beharretan, Idoia Anzorandia Kareaga arituko da.
Sarrerak www.bertsosarrerak.eus atarian daude eskuragai eta Bilbon bertan ere egongo da erosteko aukera, 15:00etatik aurrera, leihatilan. Frontoiko ateak 15:45ean irekiko dira eta saioa 17:00etan hasiko da.
Fase honetan, bertsolariek hurrengo ariketak osatu beharko dituzte:
- Binaka, gaia emanda, hiruna bertso hamarreko txikian
- Binaka, gaia emanda, hiruna bertso zortziko handian
- Binaka, gaia emanda, hiruna bertso zortziko txikian
- Ganbarako lana: banaka, lehen puntua emanda, bi bertso zortziko txikian; eta gaia emanda, hiru bertso nahi den doinu eta neurrian
Fase honetan zazpiko honek osatzen du epaimahaia: Ainhoa Sarasua Lascaray, Aitor Jimenez Tolosana, Amaia Otxotorena Gamio, Iñaki Aurrekoetxea Arkotxa, Mirari Azula Aurrekoetxea, Nerea Bruño Artazkoz eta Zigor Leunda Eizmendi. Idazkari lanetan Joxe Mari Altuna Berridi eta Nerea Goñi Begiristain arituko dira.