Bederatzi urte igaro dira musika-jaialdiak antolatzeko ideiari bueltak ematen hasi zirenetik. Ordutik, askotarikoak izan dira musika kalera ateratzeko saiakerak. Horietatik guztietatik, zeintzuk nabarmenduko zenituzkete?
Gaztetxean egindako kontzertu guztiak bereziak izan dira, bertan hasi zelako dena eta etxean bezala sentitzen garelako. Horretaz gain, egun bereziena Algortako Katea gunean egun osoko egitaraua egin genuena dela esan dezakegu. Bertan herriko jende askok parte hartu egin zuen bazkaria prestatzen, txupina botatzen eta bestelako kontuetan.
Pandemia bete-betean, kaleko jaialdi handi bat antolatu zenuten Algortako Portu Zaharrean. Zer balorazio egin zenioten horri?
Balorazio ona, baina sentsazio gazi-goxoa. Ona, denbora asko generamalako kontzerturik antolatu gabe eta horrelako jaialdi handi batekin itzultzea pozgarria izan zen. Azpimarratu eta eskertu nahiko genuke asteburu horretan jendearen partetik jaso genuen laguntza eta babesa. Hala ere, Udalak zutik egin ahal izango genuela esan arren, azken momentuan atzera bota zuten erabaki hori, eta horrek kontzertuak, eta jaialdia bera, asko baldintzatu zuen.
Taldeko kideez gainera, bestelako auzokide askoren laguntza jaso zenuten horretarako. Horixe da zuen izaera? Hau da, auzolanean gauzak antolatzearena?
Kontzertu txikietan ohiko pertsonen laguntza edukitzeaz gain, egun horretan 40 lagun inguru inplikatu ziren. Azpimarratzekoa da belaunaldi ezberdinetako pertsonak elkartu zirela, txandak denbora tarte oso txikian betez.
Hori, gure ustetan, jendeak mota honetako proiektuetan sinisten duelako da. Egitasmoa herrikoia da, irabazi ekonomikorik helburu ez duen “DIY”, eta, gainera, ateratako etekin txikiak herrian inbertitu egiten ditugu.
Bestalde, nola ez, Pergoi aipatu beharra dugu, denbora honetan zehar bidelagun izan dugulako kartelak, kamisetak eta bestelako materialak diseinatzerakoan.
Esperientzia hartatik pauso bat harago joanda, aurten, abenduaren 16an eta 17an, bi eguneko jaialdi handi bat egingo duzue Muxikebarri Antzokian. Alde handia egongo da Portu Zaharreko ekimenetik areto itxi horretara?
Bai, aurrekoan eskaintza oparoagoa izan zen, aste kultural baten formatua izan zuelako. Oraingoan, musikan eta kontzertuetan zentratuta egongo da soili; gure nortasuna da % 100.
Nola doaz horretarako lanak?
Ondo, azkenengo ukituak ematen ari gara. Taldeekin eta teknikari langileekin azken gauzak lotzen gabiltza. Eta, horretaz gain, buru-belarri gabiltza publizitatearekin, kalean kartelak ipintzen eta sare sozialetan edukiak elkarbanatzen. Oso garrantzitsua ikusten dugu aretoa jendez lepo egotea, Getxoko Udalak ikus dezan mugimendu hau ez dela lau zororen gauza bat.
Non eta nola eros daitezke jaialdirako sarrerak?
Kultur Etxeko webgunean eta Muxikebarri eta Romoko Kultur Etxeko takiletan eskura daitezke sarrerak. Egunekoa 8 euroan eta bi egunetako bonua 12 euroan.
Jaialdi honen ondoren bestelako proiekturik duzue buruan epe laburrerako?
Hurrengo uda heldu aurretik formatu txikiko jaialdi bat antolatzea gustatuko litzaiguke. Baina, herri honetan, kontzertuak antolatzeko gune faltaren arazo larriagatik oso zaila egiten zaigu nahi ditugun ekimen guztiak aurrera eramatea.
Kontzertuez gainera, zer beste ekimen antolatzen duzue?
Herriko tabernetan "binilo-pintxadak" ere egiten ditugu. Azkenengoa azaroaren amaieran Abian Kultur Elkartean egin genuena izan da, besteak beste. Eta hortik, haiekin elkarlanean, abenduko jaialdiko larunbatean, beste pintxada bat programatu dugu eguerdian. Bertan, eguna goizetik girotzen egongo dira Gasteiztik etorriko diren “Azken erromantikoak” binilo-jartzaileak; anima zaitezte!