Otsailean abiatuko dituzte Usategiko pasealekua birmoldatzeko lanak

Erredakzioa 2022ko abe. 29a, 16:36

Usategi parkeko pasealekua birmoldatzeko eta parkeari eusteko obrarako proiektua onartu du Getxoko Udalak. Beharrok otsailean abiatuko dituzte, eta, aurreikuspenen arabera, lau hilabeteko epea izango dute obrek. Ibilbidearen zati bat hondatu zen iazko abenduan, lur-jausi baten ondorioz; ordutik, zati hori itxita egon da.

Getxoko Usategi parkeko pasealekuaren zati bat hondatu zen iazko abenduan izandako lur-jausiaren ondorioz. Garai horretan, euri-jasa handien ondoren, lerradurak eta lur-jausiak izan ziren, lurrak urez gainezka egotearen ondorioz, eta horrek eragina izan zuen bai Usategiko parkearen eta Landene kalearen artean dagoen oinezkoentzako bidean, bai hari eusten dion mendi-hegalean ere. Udaleko Bidezaintza Zerbitzuak berehala balizatu zuen eremua, bidea eragozteko, eta, udal-iturrien arabera, premiazko hainbat jarduketa egin dituzte ordutik, ezegonkortze handiago batek inguruan kalte pertsonalik edo handiagorik eragin ez zezan, parkeko hormaren zati bat hondatuta baitzegoen.

Lursail horren egoera aztertu eta haren ezaugarriak zehazteko beharrezkoak diren jarduketak egin ondoren, dagokion eraikuntza-proiektua idatzi dute, pasealekuari jarraipena emateko eta segurtasun egokia emateko, antzeko lerradura eta luizien aurrean.

Udalak egingo duen obrak bi atal nagusi ditu: alde batetik, Usategi parkeari eustea eta ezponda egonkortzea bi mikropilote-lerroren bidez, eta, bestetik, lur-jausiek kaltetutako bide-tartearen ordezko pasealekua eraikitzea. Pasealeku-tarte berriak 83 metroko luzera izango du. Parkeko plataformaren eta bidearen artean, luizi-gunea dagoen tokian (lehengo beheko pasealekua) hormigoi armatuzko hormatxoa egingo da, itxitura gisa.

Proiektuaren aurrekontua 392.000 euro ingurukoa da (BEZa barne), eta lanak otsailaren erdialdean hastea aurreikusten dute.

Erlazionatuak

Usategiko pasealekuko zati bat erori da

Iker Rincon Moreno 2021 abe 11 Getxo

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun