Algortako Usategi parkeko bizilagunek jakinarazi dutenez, gaur goizeko 09:00etarako arrakalak agertu dira itsasoaren ondoko pasealekuan eta, eguerdirako, Kantarepe kalaren gaineko mendi-magala erori da, pasealekuko zati bategaz batera. Hori dela eta, Getxoko Udaltzaingoak ingurua hesitu eta pasealekua itxi du.
Getxoko Udalak jakinarazi duenez, azken egunotako prezipitazio handiengatik eta kostaldeko fronte horretako hareharrien etengabeko higadura dela eta jazo da luizia. Azaldu dutenaren arabera, oraindino goiz da eroritako zatiari zer-nolako irtenbide emango zaion jakiteko: "Kalteak norainokoak izan diren eta ezponda berrezartzeko aukerak ebaluatzen ari gara, baina ezponda egonkortu dela ikusi ondoren egingo dira konpontze-lanak. Noizko konponduta egon daitekeen adierazteko goiz da oraindik, baina ez da epe laburrera izango".
Duela hilabete eskas ere, azaroaren 5ean, inguru horretako Usategiko kafetegiko terraza zaharreko hormetako bat erori zen euriteen ondorioz. Getxoko Udalak jakinarazi duenez, gunea egonkortu dute daborduko.
Azken egunetako euriteek #luizia eragin dute #Algortako Usategi parkean, #Kantarepe parean. Ondorioz, parkea hesituta dago behin-behinean. #euria #klima #Getxo @HirukaEus pic.twitter.com/7ZFFFz3sCK
— Iker Rincon (@irincon_) December 11, 2021