Amaia Agirre Muñoa (Getxo, 1974) izango da, berriz ere, EAJ-PNVk Getxoko alkatetzarako aurkeztuko duen hautagaia datorren urteko maiatzean egingo diren udal-hauteskundeei begira. Getxon kargura heldu den lehen emakumea izanik, Ondarreta, Algorta eta Getxo Zaharrako Uri Erakundeek osatutako Getxoko Buru Batzarren Artekoak proposatua izan da, eta alderdikide jeltzaleek aukeratu dute azken asteotan egin den barne-prozesuan.
“Niretzat harro egoteko moduko gauza da karguan jarraitu ahal izatea, azken lau urteotan, horri esker, getxoztarren bizi kalitatea hobetzea ekarri duten proiektuak aurrera ateratzeko aukera izan dudalako”, adierazi du Agirrek ofizialki alkategai aukeratua izan denean. Egungo alkateak Getxoko EAJko alderdikideengandik jaso duen babesa eskertu du, eta nabarmendu gura izan du agintaldian udal-zerbitzu sozialen babes eta garapenari eman zaion bultzada. Agirreren esanetan “biztanleriaren zahartzeak, familia-esparruan ematen ari diren aldaketak, berdintasunak eta gizartearen aniztasunak berarekin ekarri dituen erronkei egokiro heltzeko”.
Amaia Agirre Muñoa Psikologian lizentziatu zen EHUn. Ikerketa lanetarako nahikotasun agiria jaso du eta 20 urteko ibilbide profesionala egin du gatazkak konpontzeko bitartekaritza lanean eta taldeen kudeaketa eta dinamizazio alorrean. Getxoko alkate bihurtu zen arte Agirre Lehendakari Center For Social and Political Studies-en lan egin zuen, Getxoko Udalean Komunikazio, Parte hartze eta Gardentasun zinegotzi lanetan aritzeaz gain.