Aita-semeak eta judo-borrokalariak

Jose Angel Rivera eta Aitor Rivera: "Aurten espero dugu Munduko Judo Txapelketako tituluak etxera ekarri ahal izatea"

Iker Rincon Moreno 2023ko urt. 25a, 10:24

Fisikoa eta teknika lantzen dute elkarregaz Aitorrek eta Jose Angelek.

Aita-semeak eta judo-borrokalariak dira Jose Angel eta Aitor. Iaz, 2022an, senior mailako Munduko Judo Txapelketan aritu ziren, Krakovian (Polonia). Jose Angel hirugarren gelditu zen; Aitor, berriz, podiumaren atarian. Aurten, 2023an, norgehiagoka horretan berriro parte hartzea aurreikusi dute eta, ikusita zer-nolako maila erakuts dezaketen, espero dute oraingoan tituluakaz bueltatzea.

"Esperientzia eta sentsazioak oso onak izan dira; baina gehiago espero genuen". Berba horiekaz laburbiltzen dituzte Jose Angel Riverak eta Aitor Riverak Krakovian (Polonia) joan den irailean jokatutako senior mailako Munduko Judo Txapelketan bizi izandakoak. Aita-semeak dira biak, getxoztarrak, eta lehenengo aldia izan da mota horretako lehiaketan aritzen direnak, senior mailan, beteranoetan. Aitak bere kategoriako txapeldunaren kontra galdu zuen lehia, borrokaldia amaitzeko 15 segundo zeudela egindako akats baten ondorioz: "Borroka irabazten ari nintzen, baina amaitzear geundela akats egin nuen, eta nire aurkariak aprobetxatu zuen. Horren ondorioz, urrea irabazteko borrokalditik kanpo gelditu nintzen". Aitorrek, aldiz, brontzea irabazteko pasea galdu zuen, eta oroitzapen gazi-gozoa du une horretakoa, "zelan galdu nuen jakinda". Emaitzok ikusita, baina, aita-semeek argi dute datorren txapelketan titulua eskuratzeko maila dutela, "edo dominaren bat edo beste etxera ekartzekoa, behintzat".

Gorabeherak izan dituzten arren, ia bizitza osoa eman dute judoan Riveratarrak. Aita 17 urte zituela hasi zen kirol horretan, "berandu samar, judoa oraindino ezagutzen ez zenean inguruotan". 32 urte zituenerako seigarren dan-a atera zuen –gerriko zuri-gorria–, eta orduantxe laga zuen, "lan kontuengatik".

Lehiatzeari utzi zion, baina, aldiz, Euskadiko senior mailako selekzioaren ardura hartu zuen, eta hala ibili zen bi urtez. Bitartean, eta oraindino ere, judo-eskolak ematen ditu Askartza ikastetxean, eta oraintsu beteranoakaz lehiatzeari ekin dio. Aitor, semea, berriz, "aitak eraginda" hasi zen mundu horretan, hiru urte zituela, eta, orain, elkarregaz entrenatzen dute Algortako Portu Zaharrean dagoen Judo Getxo klubean, baita lehiatu ere. Izan ere, ez dute baztertzen aurten, 2023an, Munduko Txapelketara aurkeztea berriro ere, "ekonomikoki garesti ateratzen zaigun arren".

Diotenez, judoan lehiatzea ez da merkea, ez dagoelako apenas diru-laguntzarik horretan aritzeko. "Oso jende gutxi bizi da kirol honetaz", deitoratzen dute. Berbarako, Krakoviako txapelketan aritzeko 1.000 euro inguruko inbertsioa egin behar izan du bakoitzak, "hiru egun bertan egoteko, lehian". Hala ere, argi dute, "ahal dugun neurrian", aurrera jarraituko dutela, "plazera handia delako guretzat".

Daborduko lanean ari dira datozen txapelketei begira, hala nola Espainiakoak eta Europakoak. Izan ere, iaz bizi izandakoen ondoren, uste dute oraingoan dominaren bat edo beste ekar lezaketela etxera, baita txapela jantzi ere. "Iazkoa garai txarrean izan zen, udatik bueltan, eta, horregatik, oso zail izan genuen entrenatzea, uztail-abuztuan oso jende gutxi dagoelako prestakuntza egiteko". Hori dela eta, hurrengo lehian, espero dute kide gehiagogaz txapelketa prestatu ahal izatea. 

Lehiarako gogoa

Judo-borrokalari gisa gorabeherak izan dituzten arren euren bizitzetan, orain, senior-mailan lehiatzeari ekin diote, elkarregaz, Jose Angelek eta Aitorrek. Fisikoa euren gimnasioan lantzen dute normalean, eta, teknika, berriz, Getxo Judo klubean.

Erlazionatuak

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun