Lope de Vegako auzia

Bizkaiko Foru Aldundiaren esku utzi du Getxoko Udalak Lope de Vega kaleko 12 zenbakian dagoen eraikina

Erredakzioa 2023ko ots. 7a, 14:32

Lope de Vegako eraikinak hustu zituzten momentua.

Getxoko Udalak Bizkaiko Foru Aldundiaren esku jarri du Lope de Vega kaleko 12 zenbakian dagoen eraikina, udal-euskaltegia eta nagusien etxea hartzen zituena, bi erakundeek sinatutako hitzarmenaren ondorioz belaunaldien arteko zentro berria eraikitzeko lanak egiten jarrai dezan. 2020an sinatutako lankidetza-hitzarmen horren bidez, higiezinaren zati baten gaineko zuzeneko eta doako jabari-emakida eman zitzaion Aldundiari 75 urterako, eta Udalak lurzoruaren titulartasuna gordeko du.

Hemendik aurrera, Azpiegiturak, obra gauzatzeaz arduratzen den foru-enpresak belaunaldien arteko zentroa eraikitzeko proiektua gauzatzen jarraituko du. "Zentro horrek programa berritzaile bat hartuko du, elkartasuna, elkar ulertzea, gizarte-lankidetza eta belaunaldi desberdinetako pertsonen arteko harmonia bultzatzeko", udal-iturriek azaldu dutenez. Zentroak gazteentzako 40 zuzkidura-bizitoki eta 100 plazako foru-egoitza izango ditu, eta Europaren laguntza du, Next Generation Europako Funtsetatik aurreikusitako inbertsioaren % 82,5 jasoko baitu.

Udalak jakinarazi duenez, zentro berrian 283 metro koadroko gune bat gorde du Ibar Nagusien Etxea elkartekoentzako euren jarduerak bertan egiten jarraitu ahal izan dezaten, hala ere, oraindino haien erantzunaren zain dago.

Eraikinaren hustuketa

Udal-langileak joan den urtarrilaren 31n  eraikineko tresnak hustu eta kendu ondoren, Ibar Nagusien Etxea elkarteak eraikinean zeuden tresna inbentariatuak berreskuratu zituela nabarmendu du Udalak. Bestalde, eraikinean zeuden udal jabetzako tresna birziklagarriak udal biltegira eraman zirela azpimarratu dute iturriek, "etorkizuneko erabilerarako", eta erabilezinak kudeatzaile baimenduetara.

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun