Auzokideek adierazi dutenez, goizeko lehenengo ordutik Ertzaintza eta Getxoko Udaltzaingoa Lope de Vega kalea "hartu" dute. Horrela, 9:30erako, udal-langileek hesia irekita izan dute eta eraikinak husten aritu dira goiz osoan zehar, auzokide askoren begiradapean. Bertan, besteak beste, Ibar Nagusien Etxeko kideek sortutako dozena bat apartamentu hustu dituzte, auzokide baten esanetan, "guztiz erabilgarri" zeudenak.
Goizeko 10:00etan hasi da Ibar Nagusien Etxea elkarteak deitutako elkarretaratzea, Lope de Vega eta Kresaltxu kaleen artean. Bertan hainbat herritar agertu dira tokiko eraikinen eraistearen kontra egiteko.
Udal-langileak hesia zabaldu eta Lope de Vegako eraikinak husten hasi dira hainbat herritarren begidarapean.
— Hiruka (@HirukaEus) January 31, 2023
Ibar Nagusien Etxeako kideek 10:00etarako dute deituta elkarretaratzea. pic.twitter.com/ficzVihQvL
Ibar Nagusien Etxeko buru den Paco Ramak adierazi duenez, egoera "oso larria" da. Izan ere, Getxoko Udalak ez die eraisketarako data zehatzik eman, baina gaur, gauzak eraikinetik ateratzen hasi direnez, uste du eraisketa "laster" izango dela. Egoera horren aurrean, manifestazio bat aurreikusi dute otsailaren 12rako. Hala ere, Ramak aitortu du "egoera ikusita, ez dakiela ea helduko diren".
Lope de Vega kaleko eraikinetan zegoen materiala batzeko aukera izan dute Ibar Nagusien Etxea elkarteko kideek, ondoko lonja batera eraman dutenak. Bestalde, auzoko gazte batek jakinarazi duenez, Udalak Itzubaltzeta gaztetxeko kideei esan zien ezin zituztela gauzak eraikinetik atera, udal-langileak arduratuko zirela gauzak ateratzeaz. Hala ere, horiei ere ez diete eraisketaren dataren berri eman.
Gertatutakoari eta etor daitekeenari zer-nola aurre egin erabakitzeko, auzo-asanblada egingo dute gaur, 18:30ean.