Zuen ustetan, zer balio du San Valentin Egunak gaur egungo gizartean?
Gaur egun, San Valentin Egunak gazteengan eragin handirik ez duen arren, horrek ez du esan gura maitasun erromantikoaren auziak ez dituenik gazteen bizitzak zeharkatzen. Nahiz eta otsailaren 14a ez ospatu, gazteok gure egunerokotasuneko harremanak idealizatzeko ohitura dugu. Gainera, askotan, erlazio-toxikoez inguratzen gara, eta ez ditugu gure behar afektiboak asetzen. Horrek guztiak agerian uzten du maitasun erromantikoak pisu handia duela gure gizartean.
Nola definituko zenukete maitasun erromantikoa?
Azkenean, sistema kapitalista zis-hetero-patriarkala sostengatzeko beste tresna bat da, eta, beraz, bikote eredu tradizionala bultzatzen du. Binarismoan oinarrituta dago: gizon eta emakumeei rol zehatzak eransten zaizkie, eta emakumeak menpeko subjektu bilakatzen dira.
Nondik datorkigu eredu hori?
Maitasun erromantikoaren eredua betidanik egon da gure artean. Eraikuntza sozial bat den heinean, sistemari mesede egiten dio, eta sistema bera elikatzen duten beste bitartekariez baliatzen da, adibidez, sare-sozialak, komunikabideak eta gure ingurunea bera.
Nolako eragina du maitasunaren iruditegi horrek gure bizitzetan?
Alde batetik, eredu horrek neska gazteon menpekotasuna betikotzen du, eta, horregaz batera, genero-rolak indartzen ditu. Bereziki harreman heterosexualetan, emakumeak hartzen ditu zaintza ardurak, eta horrek desoreka handia sortzen du erlazioan. Bestetik, maitasun erromantikoak hamaika biolentzia normalizatzen ditu, esaterako, kontrola. Halaber, gure talde feministak irudikatzen duen proiektu komunitariotik aldentzen gaitu, eta sistema kapitalistatik at dauden sareak oztopatzen ditu.
Nola gorpuzten da maitasun erromantikoa egungo sare sozialen munduan?
Ukaezina da sare-sozialek gaur egun erabateko indarra dutela, eta horiek ere betetzen dituztela funtzio zehatz batzuk. Baliagarriak dira informazioa barneratzeko, baina kontuan hartu behar da zein den informazio horren iturria. Gainera, lehen aipatu bezala, gaur egun erlazioak idealizatzeko ohitura dugu eta horretan sare-sozialek eragin handia dute: guztion eskuragarri dauden irudi eta bideoen bitartez, ohiko harreman ereduak birproduzitzen dituzte.
San Valentin Eguna dela eta, egitarau berezia prestatu zenuten zapatuan; nola planteatu zenuten eguna, eta zeintzuk izan ziren helburuak?
Ez dugu egun hori dimentsionatu gura izan, baina egitarau txiki bat aurkeztea egoki ikusi genuen. Tailer baten bitartez eman genion hasiera arratsaldeari, eta gure bizipenetatik abiatuta, gure sozializatzeko moduan identifikatzen genituen korapiloak azaldu genituen. Horiek arazo indibidual bezala ikusi beharren, arazo kolektibo bezala aztertu genituen, izan ere, gure helburua da arazoa politizatzea eta feminismotik bestelako eredu osasuntsu bat eskaintzea. Tailerra eta gero gure arteko jolas txiki batzuk planteatu genituen, eta egunari bukaera emateko, aisialdi eskaintza aukera bat eskaini genuen DJ baten bidez.
Helburua ez zen tailer soil bat antolatzea, baizik eta egunari etekina ateratzea eta egun horretako hausnarketak eta eztabaidak gure egunerokotasunera lekualdatzea.
Talde feminista bezala, feminismotik nola landu daitezke harreman sanoak?
Oraindino egiteko lan handia dagoen arren, duela urte batzuk pertsonala politikoa dela esaten hasi ginen, eta, beraz, harreman pertsonalak eta maitasunaren kontzeptua bera politizatzen hasi ginen. Maitasun erromantikoa arrakalatu behar dugu, eredu tradizionala alboratuz, eta pixkana-pixkana kontzientzia kolektibo hori bereganatuz.
Gaur egun, inoiz baino informazio gehiago dugu maitasun erromantikoaren inguruan; liburuak, sare sozialak, erreferenteak, eta abar. Uste duzue, zentzu horretan, gero eta prebentzio eta kontzientzia gehiago dagoela?
Egia da gaur egun informazioa eskuratzeko iturri ezberdinak ditugula eta maitasun kontzeptuarekiko politizazioa pizteko erraztasunak eduki ditzakegula. Baina, errealitatea da, nahiz eta teoria ulertu eta barneratu, batzuetan zaila egiten zaigula txikitatik inposatu zaigun hori praktikara eramatea. Izan ere, gaur egun, oraindino, maitasun erromantikoa erreproduzitzen jarraitzen dugu gure erlazio askotan.
Zer falta da maitasun erromantikoari amaiera emateko?
Maitasun eredu hori normalizatzeari uztea da eman beharreko lehenengotariko pausoa. Sistema bera elikatzen jarraitu beharrean, gure bizitzak sostengatuko dituzten harreman-sareak eraiki gura ditugu, adibidez, lagunartekoak. Bestalde, ezinbestekoa da gure desirak zeintzuk diren identifikatzea, eta behin hori analizatuta, teorian dakigun hori praktikara eraman behar dugu.