Elkarrizketak

Toñi Ruiz: "Jabiri ezarri dioten zigor luzea ulertzeko aukera bakarra mendeku hutsa da"

Iker Rincon Moreno 2023ko ots. 13a, 12:47

92 urte beteko ditu aurten Toñi Ruizek; eta inoiz ez du galdu semea bisitatzeko aukera.

Jabier Gallaga preso getxoztarrak 25 urte bete zituen espetxean joan den azaroan. Haren ama da Toñi, eta bere etxean hartu gaitu Mikel anaiagaz eta Marisol Bernabeu Algortako Sare taldeko kideagaz batera. Sukaldean lorez eta "Toñiren tamainako besaulki" batez inguratuta dagoen txokotxora sartzeko gonbita egin digute. Zerbait hartzea eskaini digute: kafea, mistela, freskagarria... Dena ura izan ezik. Toñik barre egiten du, gogoratzen baitu bere aita bat-batean hil zela baso bete ur edan ondoren; hartara, ez du urik edaten, inoiz.

Toñi, zu Arrigorriaga izanda, noiz etorri zineten Algortara bizitzera, eta zergatik?

TOÑI RUIZ: Ni Arrigorriagan jaio nintzen, eta hilaren 22an 92 urte beteko ditut. Arrigorriagatik Lasartera (Gipuzkoa) joan ginen; krisia hasi eta Pacok, nire senarrak, lan egiten zuen enpresako ordezkaritzak itxi ziren arte; horregatik etorri ginen gerora Algortara. Egia esan, ez genuen alde egin nahi, oso gustura geunden. Hasieran, Paco asteburuan Lasartera etortzen zenean, gainerako egunetan lan egiten baitzuen, etxean “Salgai” kartela jartzen zuen, baina astelehenean lanera itzultzen zenean, Jabik kendu egiten zuen. Pena handia ematen zigun handik alde egiteak, oso gustura bizi ginen Lasarten. Hasieran, Arrigorriagara itzuli nahi genuen, baina pisuak oso garestiak ziren. Horregatik erabaki genuen 1982an Algortara etortzea, garai hartan pisu asko baitzegoen libre Aldapa inguruko auzoan, hemen bertan alegia, ordura arte Lemoizko zentral nuklearreko langileek okupatua. Eta gaur egun hemen jarraitzen dugu. Jabi, ordea, ez zen Algortara etorri, Lasarten geratzea erabaki zuen, pisu batean lagun batzuekin.

Jabier 25 urte baino gehiago daramatza preso, eta Espainiako eta Frantziako estatuetako espetxe ugari zapaldu ditu. Zein izan da bere ibilbidea?

T. R.: 1997ko azaroaren 26an atxilotu zuten Frantzian, eta 10 urteko zigorra izarri zioten. Kondenaren 3/4 bete zituenean Espainiara estraditatu zuten, Soto del Realera (Madril). Bertan denbora gutxi eman zuen, Kordobara bidali eta isolamenduan sartu zuten arte. Ziega horiek erdisoto modukoak dira: ez dute zerua ikusten; ikusi ahal izateko, lurrean etzan eta leihotik alboz begiratu behar zuen. Egunean 22 ordu ematen zituen hor, eta bi ordu patioan. Batzuetan, baina, ez zen patiora irteten, baldintza haiek horretarako gogoa kentzen ziotelako. Halaxe ibili zen 15 urtez. Isolamendutik irtetean, gogorra egin zitzaion gainontzeko presoekin harremana izatea, eta ikusmenean ere ondorioak utzi dizkio. Orain, betaurreko bifokalak erostekotan gabiltza.  

MARISOL BERNABEU: Isolamendua euskal preso askori aplikatu zaien erregimen penitentziariorik zorrotzenetarikoa izan da. Legez, isolamenduak 14 eguneko muga dauka; hala ere, preso asko eta asko urteetan zehar egon dira erregimen honetan. Jabier, adibidez, 15 urte baino gehiago egon da isolamenduan. Erregimen benetan gogorra da: egunean 20 ordu baino gehiago ziegan, gainontzeko presoekin kontakturik ez, patio ilun eta txikian, material pertsonal oso-oso mugatua edukitzeko eskubidea… Egoera horrek, ondorio latzak izaten ditu presoaren osasun fisiko zein gogo-aldartean.

"Bigarren gradu penitentziarioan egonda, programatutako irteerak eskatu ditu, baita asteburukoak ere, baina, oraingoz, ukatu egin dizkiote"

Nola bizi izan duzu zuk, Toñi, ama moduan, azken epaiketa eta ezarritako zigor hori?

T. R.: Azken epaiketan, gogoratzen dut surrealista zela. Epaiketa ikusten ari ziren Zuzenbideko ikasle gazteek ere haluzinatzen zuten fartsa horrekin. Kide batek torturapean egindako deklarazioak ziren haren aurka zuten froga bakarra. Tortura kasu hori Estrasburgon epaitu dute, eta auzitegiak onartu egin du galdeketa hori tortura- eta tratu txarren -pean egin zela. Eta ez dut ulertzen Jabiri ezarri dioten zigorra hain luzea izatea, mendeku hutsagatik ez bada. Izan ere, Jabirekin batera atxilotu zituzten kideetako askok kondena bete dute jada, eta kalean daude. Ez da bidezkoa.

M.B.: Kasu honetan, Jabiri zigorren batuketa aplikatuko balitzaio, egoera benetan ezberdina izango litzateke. Finean, bi estatuen arteko zigorren batuketaz ari garenean, Frantziako kondenak Espainiako gehieneko 30 urteko kondenari kendu behar zaizkiela azaldu nahi dugu. Europak babesten duen legea da, baina Espainiak betetzen ez duena. Jabiri hori aplikatzekotan, 2024an amaituko luke kondena osorik, eta, gaur egun, baldintzapeko askatasunean egon beharko luke.

Milaka kilometro egin dituzu semea bisitatu ahal izateko urteotan...

T. R.: Mirentxin Gidariak bezalako ekimenek egindako lana asko eskertzen dut, eta beti izango dut gogoan. Ni gidariaren atzean esertzen nintzen, eta denek esaten zuten hori zela nire lekua. Bilbotik irten eta Kordobaraino joaten nintzen lo. Batzuetan esnatu egiten ninduten, eta esaten zidaten: "Toñi, Toñi, hil al zara? Kar kar kari, eta nik erantzuten nien: "Ezetz, ezetz, lo nagoela, utzi bakean".

Poliziak eta Guardia Zibilak egiten zizkiguten kontrolak ere gogoratzen ditut. Kontrol haiek izugarriak ziren: leku eta bazter guztiak miatzen zizkiguten eta dena hankaz gora jartzen zuten, ia beti goizeko ordu txikietan. Baina egoera horietan ere umorea mantentzeko gai ginen. Mirentxini asko eskertzen diot. Gogoan dut behin furgonetan Etxerateko arduraduna ere bazihoala eta denoi jaitsarazi gintuztela. Ni txikia naizenez eta furgoneta altua denez, jaisten lagundu behar ninduten, eta kideek esan zidaten: "Mikelek laguntzen zaituenean, lurrera bota eta horrela bakean utziko zaituzte". Eta horrela egin nuen. Lurrera bota nuen nire burua, horrela, plof! Kar kar kar! Eta guardia zibilek ez zekien zer egin: "Andrea! Ene bada! Baina zer gertatzen zaizu? Sartu fugonetan mesedez!”. Furgonetara sartu ginenean, galdetu nuen: "Zer moduz egin dut?". Kar kar kar! “Primeran, Toñi!”, erantzun zidaten kideek. Horrelaxe egiten genion aurre errepideari eta ezbeharrari, eta, bide batez, geure mendeku txikia egiten genuen.

M.B.: Euskal presoei dispertsioa eta urrunketa aplikatu zaien 35 urte luze hauetan zehar, senide eta hurbilekoek sufritu behar izan dutena izugarria izan da. 16 lagunek galdu dute bizia errepideetan presoak bisitatzera joaten edo bisitatik etortzen, dozenaka izan dira auto istripuak, zenbatezina gasolinan, alojamenduan eta bidaietan utzitako gastu ekonomikoa… Eta sufrimendu horrek guztiak oraindik ez dauka errekonozimendu instituzionalik. Norabide honetan, lan asko daukagu egiteko oraindik. Baina zorionez, gaur egun, urrunketarekin amaitzear gaudela esan dezakegu. Euskal preso ia gehienak Euskal Herriko kartzeletan daude, eta Estatu espainoletik zehar urrunduta jarraitzen dutenak, epe laburrean euskal herriratuak izango direla aurreikusten dugu. Hori ez litzateke posible izango urte guztiotan euskal gizarteak egindako mobilizazio eta borrokagatik ez balitz. Eta hemendik aurrera ere, etorriko diren aurrerapausoak norabide berdinetik etorriko dira: euskal gizartearen konpromiso eta inplikaziotik.

"Ni espetxera joan beharrean, bera bisitan etortzeko aukera dago, 92 urte baititut. Ziurtagiri mediku bat eskatzeko aukera dauket, baina nahiago dut ez eskatu, ez dudalako Jabi eskuburdinak jarrita etortzea nahi"

Gaur egun, Jabier Zaballako espetxean dago; zelan eragin dizu horrek?

T. R: Lasaitasun handia da Jabi Euskal Herrian egotea. Hala ere, niri oso gogorra egiten ari zait; ez nuen inoiz antsietaterik izan Zaballara ekarri zuten arte. Hain gertu dagoela jakitea eta bisitatik alde egiten dudanean hor barruan utzi behar izatea ez dut batere ondo eramaten. Hiltzen ikusten dut neure burua. Orain bisitatzera noanean, batzuetan pilula hartu behar izaten dut antsietateagatik. Iruditzen zait berandu dela, denbora asko igaro dela, Jabik urte asko daramatzala giltzapean eta ni indarrik gabe geratzen ari naizela.

Jabik, berriz, orain Zaballan 30 urtez ikusten ez zituen kideekin egin du topo. Orain jarduerak egiten ditu, 15 urtez isolamenduan egon ondoren kideekin harremanak eta giza kontaktua berreskuratu ditu. Halaber, lasaitasun handia sentitzen du bere senide eta hurbilekoek gau osoa errepidean eman behar ez dugula jakitean. Lehen, Jabik ezin zuen lo egin bidaiatzen ari ginen gauetan bisitan joateko. Orain, batzuetan ez du deitzen bidaia bakoitzaren ondoren ongi iritsi garen jakiteko, eta lehen beti-beti egiten zuen.

M.B.: Zalantzarik ez dago, hobeto gaude. Presoak eta presoen senide eta gertukoak hobeto daude eta, pixkanaka, elkarbizitzarako eta urratutako eskubideak berreskuratzeko urratsak egiten jarraitzen dugu. Aurrera egin dugu, eta, aurrerapena ikusita, horrek bultzatzen gaitu etxera itzultzeko prozesua amaieraraino eramatera. Baina oraindik ibilbide luzea daukagu egiteko, salbuespenezko neurriekin bukatu eta presoak etxera ekarri behar ditugu. Horretarako, argi ditugu aurrean dauzkagun erronkak: larriki gaixorik dauden presoak etxera itzultzea, gradu erregresioekin amaitu eta gradu progresioak erraztea, 7/2003 legea indargabetzea, eta Estatu frantsesean betetako espetxe zigorrak ere Estatu espainiarrean konputatzea.

Gaur egun, Jabier bigarren gradu penitentziarioan dago eta irteera baimenak eskatu ditu. Zelan doaz eskaera horiek?

T.R.: Programatutako irteerak eskatu ditu, baita asteburukoak ere, baina oraingoz ukatu egin dizkiote. Ni espetxera joan beharrean bera bisitan etortzeko aukera ere badago, 92 urte baititut, autoz ordubeteko bidaia ekidin ahal izateko. Ziurtagiri mediku bat eskatzeko aukera daukat hori ahalbidetzeko, baina nahiago dut ez eskatu; izan ere, kasu horretan, Jabi eskuburdinak jarrita etorriko litzateke, ertzainez inguratuta, etxea miatuta, eta nik ez dut nahi. Nik nahi dudana da Jabiri asteburuko baimenak ematea.

M.B.: Oraindik ere sufrimendua luzatzen ahalegintzen diren presio-taldeen oztopoak mantentzen dira, eta Auzitegi Nazionalak etengabe blokeatzen du preso eta erbesteratuen etxeratzeko bidea. Fiskaltzak sistematikoki errekurritzen ditu euskal presoen gradu progresioak, eta gaur egun badira hirugarren graduan eta espetxeratzeko arriskuan dauden presoak. Hau da adibidez, Maria Lizarraga preso algortarraren kasua. Ez dira onurak, presoen eskubideak defendatzen ditugu. Lautik ia hiruk bete dute hirugarren gradura proposatzeko legediak eskatzen duen espetxealdia. 17 presok gaixotasun larri edo sendaezinak pairatzen dituzte; 70 presok 20 urte baino gehiago daramatzate espetxean, eta horietako batzuk 30 urte baino gehiago. Beraz, etxeratze prozesua bere amaierara eramatea dugu helburu. Denok etxera bueltatzea, alegia.

Otsailaren 23an, eguenean, Jabier Gallagaren egoera aztertzeko berbaldia egingo dute Algortako Villamonte kultur etxean, 19:00etatik aurrera. Bertan izango dira Onintza Ostolaza, Gallagaren abokatua, eta Inaxio Oiarzabal, Sareko ordezkaria.

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun