Elkarrizketak

Kabia Gune Okupatua: “Eraikina indarberritzea eta denon elkargune izatea da aldaketaren helburua”

Iker Rincon Moreno 2023ko ots. 16a, 10:12

Hausnarketa-prozesua joan den martxoaren 11n abiatu zuten, Joxemi Zumalabeko kideen laguntzagaz. © KABIA GUNE OKUPATUA

Fenix hegazti mitologikoa bezala, errautsetatik jaiotako egitasmoa da Kabia Gune Okupatua. Askotariko proiektu eta egitasmoren gordeleku eta hauspotze-gune izateko jaio da, Txorimalo gaztetxetik abiatutako hausnarketa-prozesu baten ondorio. 17 urte beteko dira aurten Getxoko Andra Mari inguruko eraikin hori okupatu zenetik, eta eskualdeko gune okupatu bakarrenetarikoa da egun. Hala, kideek argi dute elkargune aske eta parte-hartzailea izatea izan behar dela Kabiaren helburua. Horren nondik norakoak ezagutzeko, gune okupatu horretako lan-talde motorreko kideakaz batu gara.

Hasteko, zer da Kabia Gune Okupatua?

Fisikoki, Txorimalo zena jarraitzen du izaten; hau da, eraikina eta inguruan dauden landa eremua. Hala ere, gune horri izena aldatzeaz gain, bertan funtzionatzeko modua eta jarduna aldatu da. Eraldaketa prozesu bat burutu dugu, gaztetxe izateari utzi dio eta gune okupatu gisa definitu dugu.

Txorimalo gaztetxetik abiatutako hausnarketa baten ondorioa da. Zelakoa izan da prozesu hori?

Luzea; iazko martxoaren 11n abiatu genuen, eta nahiko gorabeheratsua izan bada ere, oso mamitsua izan da; askotarikoez hitz egiteko aukera izan dugu, hala nola funtzionamenduaz, erabakiez, eragin eremuaz, oinarri ideologikoaz, arazoez, gure arteko botere-harremanez eta harreman desorekatuez. Egia da zailtasunez betetako bidea izan dela, baina, gure ustez, hoberako izateko aldaketa izan da.

Horretarako, Joxemi Zumalabeko kideak izan dituzue bidelagun. Zertan lagundu dute?

Prozesua bideratzen batez ere. Guk ez genekien nondik abiatu kontua, eta haien laguntzari esker, planteatu zizkiguten ariketen bidez, aurrera eraman dugu dena; eraldaketa egitea lortu dugu, eta ezinbestekoa izan da laguntza hori.

Hasiera batean, beldur ginen gauzak beti bezala egiten bagenituen. Izan ere, gauzak modu zehatz batean egiten dakizkigu, eta behin baino gehiagotan saiatu gara modu horretan Txorimalo biziberritzen; baina, finean, beti hasierako puntura bueltatu gara. Hori dela eta, kanpoko laguntza behar genuela pentsatu genuen.

Eraikin hori okupatu zenetik 17 urte beteko dira aurten, eta, esan bezala, oraingoa ez da lehenengo aldia gune horri bestelako erabilpen bat emateko edo eraikina bera dinamizatzeko bideratzen den lehenengo aldia. Bada, zer baldintza egon dira aurreko prozesu horiek porrot egiteko?

Faktore asko direla esango genuke; baina, nagusiena, arestian esandakoa: jarduteko modu jakin bat daukagu, betikotu eta normalizatu duguna. Horrek ez du funtzionatu, eta kanpoko ikuspegi bat behar genuen gu argitzeko eta orain arte egindakoa iraultzeko.

Prozesu berri honetan, aurrekoetan baino jende gehiagorengana edo anitzagoarengana ailegatzea lortu duzue?

Bai; prozesuan parte hartu duen jendea, eta gerora bilera ezberdinetara etorri den jendea, askotarikoa izan da, bai. Dago jende asko Txorimalon egondakoa, eta momentu oro egon dena ere, baina badago profil ezberdin bat ere.

Guztira, zenbat lagunek parte hartu dute prozesuan?

Bada, aurkezpenean 30 bat pertsona egon ginen, baina prozesuan beste hainbatek ere parte hartu dute. Beraz, 40 lagun inguru egon gara lanean. Gainera, aipatu beharra dago prozesuan aurrez aurre parte hartu ez duen jendearengana ere jo dugula, haien iritziak eskatzeko, ekarpenak jasotzeko eta haiek ere Txorimalo eurena zela sentiarazteko.

Zer helburu dauka proiektu berri honek? Hau da, zer erabilera mota emango zaio?

Askotariko egitasmoak garatzeko aukera emango du guneak, eta parte-hartzaileek eraikinarekiko konpromiso bat izan beharko dute. Gaztetxe zenean ere bazegoen hori, baina orain definitu egin dira konpromiso horiek. Halaber, egitasmo horien artean saretze bat egongo da asanblada irekien bitartez. Horietan, bakoitzak zer egingo duen azalduko du, ikuspegi kolektiboa emateko proiektu guztiari.

Definituta daude egitasmo horiek?

Bai, baina Kabian parte hartuko duen jendeak erabakiko du zer egitasmotan parte hartuko duen edo zein garatuko duen. Izan ere, eskualdeko azken gune okupatuetako bat da hau, eta elkargune bat izatea nahi dugu. Hala, momentuz definituta dauzkagunak dira: ortua, “musikeroak”, zaintza-taldea eta agenda kulturala. Horiez gainera, eraikinaren funtzionamendua bermatzeko azpiegitura- eta komunikazio-lantaldeak egongo dira.

Elkargunea izango dela diozue; nork parte har dezake horretan?

Definituta dauden oinarri ideologiko horiek bere egiten duen edonork parte har dezake, eta baita eraikinarekiko konpromisoa hartuko duenak ere. Proiektu batzuk zehaztuta daude, baina, esan bezala, irekia da oso.

“Musikeroak”; kasu horretan, gaztetxetik zetorren egitasmoari jarraikortasuna eman gura izan diozue, ezta?

Bai, berez, Txorimalotik datorren proiektua da, baina pauso bat haratago eraman nahi dugu. Aspaldi Esanak Esan edo Oihukatuak izan zena berreskuratu nahi dugu; ez dugu entsegu-lokal bat izatea nahi bakarrik. Musikaren arloan dauden arazoei eta erronkei aurre egin nahi diegu, baina erabakitzeke dago zer egin. Finean, musikarien arteko saretze bat izatea nahi dugu.

Orain gutxi egin zenuten gune okupatuaren aurkezpen publikoa. Zelako harrera izan du egitasmoak?

Aurkezpen txikia izan da, bai, eta horretara etorri zen jendeari prozesuaren emaitzak aurkeztu genizkion. Horretan ere, Kabiaren logoa erabakitzeko logo-lehiaketa abiatu genuen, eta erabaki genuen ohar bat zabalduko genuela prozesuaren nondik norakoak azaltzeko ere. Hala ere, aurkezpen publiko ofiziala, eta handia, martxoaren 4an, zapatuan, egingo dugu. Jaialdi moduko bat izango da.

Getxoko gobernu-taldeak aurkeztutako Hiri Antolamenduko Plan Orokorrean (HAPO) eraikinak okupatzen duen orubean txaletak eraikitzea aurreikusita dago. Zelan aurreikusten duzue gune horren etorkizuna?

2001eko plan zaharrean ere aurreikusita zegoen hori, Txorimalo okupatu aurretik, hain zuzen. HAPO hark lau txalet eraikitzeko proiektua zekarren gune honetan, baina inoiz ez da aurrera eraman, hainbat arrazoirengatik, tartean, herriaren mobilizazioagatik. Orain, HAPO berrian ere aurreikusi dute txaletak eraikitzea hemen; ez dakigu noiz eta nola egingo duten, baina guk argi dugu gune hau defendatuko dugula. Kabia erresistentzia-gune izango da garapen basati horren aurrean. Hala ere, ikusiko dugu etorkizunean zein den egoera.

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun