Inauteriak Uribe Kostan

Inauterien tradizioak aztertzeko solasaldia eta tailerra antolatu du Bizilagunak ekimenak

Erredakzioa 2023ko ots. 16a, 10:37

Kulturen arteko topaketak sustatzen dituen Bizilagunak ekimenak inauterietako tradizioei buruzko solasaldia eta tailerra antolatu ditu hurrengo astean, domekan, otsailaren 26an, San Nikolas plazan. Hitzordua 17:00etatik 19:00etara izango da. Interesatuek aldez aurretik eman beharko dute izena.

Solasaldian Christian Rodriguez hainbat herrialdetako inauteria ospatzeko moduei buruz mintzatuko da. Ondoren arraultza-oskolei buruzko tailerra izango da haurrentzat eta gazteentzat. Erdialdeko Amerikako tradizioa da eta horretan, txikiek arraultza-oskolak apaindu ondoren lagunen buruen gainean apurtzen dituzte.

Tailerrean parte hartu gura duten interesatuek aldez aurretik izena eman beharko dute, hurrengo bideetatik: labur.eus/getxobizilagunak; 622 433 085, getxobizilagunak@gmail.com, edo 655 603 809 (WhatApp).

Carmen Diaz Gizarte Kohesioko zinegotziak nabarmendu duenez, “ mota honetako hitzaldien eta tailerren garrantzia, kultur aniztasuna ulertzeko eta errespetatzeko heziketan eta trebetasunen prestakuntzan aurrera egitea baita. Horregatik, herritarrak parte hartzera animatu nahi ditugu”.

 

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun