Elkarrizketak

Eider Eibar: "Ilustratzaileok egiten ditugun marrazkien atzean intentzio asko daude"

Nahia Martinez Gondra 2023ko ots. 21a, 10:40

Eider Eibar marrazkilaria.

Eider Eibarrek arima marrazkiz beteta duen artista moduan definitzen du bere burua, “noizean behin horiek atera behar ditut, edozein euskarritan dela ere”. Hogei urtez, beste lan askoren artean, haur eta gazteentzako ilustrazioak egiten jardun eta gero, orain, marrazkiak, animazioa eta euskara uztartu ditu Kokoak izeneko bere proiektu berrian. Gainera, otsailaren 9an, Gorputz feministak irakurketa-zikloko partaide izan zen Algortako Abian kultur elkartean, eta, horregatik, beragaz elkartzeko aukera aprobetxatu dugu tailerrean landutakoaz aritzeko, baita bere ibilbide artistikoa hurbiletik ezagutzeko ere.

Nola hasi zinen ilustratzaile moduan lanean?

Denok bezala, txikitan asko marrazten nuen, eta ordutik, ezin izan diot marrazteari utzi. Lan-munduan hasi nintzen Arte Ederretako gradua ikasten nengoenean: garai hartan, Gara egunkariak gabonetan ateratzen zuen hamabi liburuko bilduma bat, euskaraz eta ingelesez, eta falta zitzaien marrazkilari bat. Norbaitek nire izena proposatu zuen, eta orduan, ilustratzaile lanetan hasi nintzen. Hortik aurrera ez naiz gelditu.

Ilustratzailea zara, eta gainera euskaraz sortzen duzu. Nolakoa izan da bidea?

Niretzako naturala izan da euskaraz marraztea: euskaraz pentsatzen dut, euskaraz bizi naiz, eta nire lan-harremanak ere euskaraz dira, Euskal Herrian hasi nintzelako lanean. Bartzelonara animazioa ikastera joan nintzenean, lanak katalanez jasotzen nituen, eta orduan, obra horiek nire euskarazko logikara pasatu behar nituen. Baina orokorrean, lan gehienak euskaraz izan dira, euskal-ilustratzaileak hemen gaudelako euskarazko komunitatea sortzen.

Otsailaren 9an, Gorputz feministak irakurketa-zikloan parte hartu zenuen Algortako Abian kultur elkartean. Zer landu zenuen saio horretan?

Saio horretarako, Getxoko irakurketa klubekoek nire bi obra aztertuta zituzten. Hortik abiatuta, nire obra ezberdinen bidez, nire ibilbide artistikoa azaldu, eta gorputzak, generoa eta rolak ilustrazioetan nola lantzen ditudan ezagutarazi nien. Aprobetxatu nuen argitzeko ilustratzaileok ez ditugula soilik marrazkiak egiten, bidean erabaki asko hartzen ditugula: gure marrazkien atzean intentzio asko daude.

Zure kasuan, nola gorpuzten dituzu zure ilustrazioak?

Ilustrazioaz bizi nintekeela ohartu nintzenean, nire txikitako ipuinak aztertu nituen, eta gauza asko faltan bota nituen: familia eta lagun eredu anitzak, heteronormatibitatetik ateratzen ziren gorputzak, azal-kolore ezberdinak… Beraz, nire sorkuntzan gabezia hori betetzen saiatu naiz. Ilustratzaileok ardura handia dugu; haurrek gure marrazkietatik jasotako ereduak barneratzen dituzte, eta ni saiatzen naiz marrazkiek helarazten duten informazioa ahalik eta pluralena izaten.

Adibidez, Bartzelonan ikasten eta lanean nengoenean, argitaletxe batek esan zidan biluzik zegoen haur baten irudiari ipurdia estaltzeko, niretzako biluztasunaren naturaltasuna ezabatuz. Gainera, behin ere eskatu zidaten neskak neska zirela eta mutilak mutila zirela agerian uzteko. Momentu horretan erabaki nuen marrazkien bidez niretzako naturalak ziren errealitateak atera behar nituela.

Feminismoa presente duzu zure lanean? 

Euskara bezala, feminismoa era natural batean dago presente nire bizitzan. Niretzako feminismoa askatasuna eta berdintasuna da, eta nire lanaren bitartez islatzen dut. Horregaz lotuta, saiatzen naiz pertsonaien artean bortizkeriarik ez erakusten, nahi gabe gorputzeko jarrerekin erakusten ditugulako horrelako egoerak. Adibidez, haur kuadrilla bat egin behar dudanen ez dut inoiz bata bestearen gainetik irudikatuko. Beraz, saiatzen naiz niri bizitzea gustatuko litzaidakeen gizarte aske eta berdin bat marrazten.

Hogei urte daramatzazu, beste lan askoren artean, haur eta gazteentzako ilustrazioak egiten. Zure ustez, nola garatu da zure estiloa?

Beti saiatu naiz estilo zehatz bat ez izaten, estiloa kartzela bat bezala irudikatzen dudalako. Proiektu bakoitzari saiatzen naiz behar duen estetika eransten eta teknika aldatzen, nahiz eta beti nire ukitua izango duen. Nire estiloan gertatu dena izan daiteke erregistroa garatu dudala: badakit oso gauza goxoak egiten, eta, aldi berean, badakit prentsarako nire estiloa egokitzen erregistro azkarrago bategaz. Horrez gain, nire marrazkiak egiteko modu intimo bat ere daukat, oraindik publikoki atera ez dudana. Niretzako marrazten hasiko naizenean ikusiko dugu zer aterako den.

Nondik datorkizu inspirazioa? 

Ikusten dudan orotik datorkit: jendea aztertzetik edota besteen obrak ikustetik, esaterako. Bilatu gabe eta plazerezko era batean inspirazioa erakartzen ikasi dut, eta koaderno batean apuntatzen noa egunerokoan inspiratzen nauten gauzen zerrenda. Marrazki askeak egiten ditut, eta horregatik, asko fijatzen naiz beraiengan konfiantza handia duten emakumeengan. Bestalde, bakarrik egoten dakiten pertsonek arreta deitzen didate, eta horiek irudikatzen saiatzen naiz, gaur egun ematen duelako gauza guztiak taldean egin behar ditugula.

Ilustrazioez gain, animazioan ere aritzen zara, diseinuan, horma irudiak margotzen... Zer eskaintzen dizu esparru bakoitzak?

Ilustrazioek eskaintzen didate irudimena erabiltzeko aukera: idazleek euren mundua ematen didate eta nik irudiak jartzen dizkiot. Ohore bat iruditzen zait, eta plazer hutsa da niretzako. Horma irudien kasuan, uste dut errekuperatu behar dugun eremua dela. Izan ere,  gaztetatik egin ditut, ez soilik marrazkiak egiteko, baizik eta salatzeko, eta eskaerak egiteko. Animazioaren kasuan, momentu honetan niretzako irakaspena da. Bartzelonan 3D animazioa ikasi nuen, eta orain Kokoak proiektuarekin 2D animazioa egiten nabil.

Azken horri lotuta, zer kontatzen duzu Kokoak proiektu pertsonalean?

Egitasmo honen hasierako helburua zen haurrei erakustea nik nola egiten nituen marrazkiak, izan ere, ematen nituen hitzaldietan umeek horrelako gauzak jakin nahi zituzten. Horregatik, formatu bisual bat eman nion, eta Kokoak izeneko zazpi pertsonaia sortu nituen, eta gerora, haiekin joko interaktibo bat sortzeaz gain, Kokoei euskara irakasten dieten eta eskulanak egiten dituzten Maeiour haurrak irudikatu nituen. Beraz, Kokoak da marrazkiakaz eta euskaragaz eraikitako kutxa koloretsu bat, Interneten eskuragarri dagoena, euskaraz eta dohainik.

Nolakoa izan da joko interaktiboak eraikitzearen prozesua?

Oso dibertigarria izan da. Ez nuen gaur egungo bideojokoen erreferentziarik, eta ezer begiratu gabe Kokoen joko bat irudikatzeko eskatu zidaten. Pentsatu nuen zer erakutsi nahi nuen eta horrela atal ezberdinak sortzen joan nintzen: atal batean haurrei erakusten diegu zirriborroetatik beste marrazki bat atera daitekeela; beste atal batean, Euskal Herriko kirolak azaltzen ditugu pertsonai mitologikoakaz; eta bestalde, badugu atal berezi bat emozioei eskainitakoa, eta haurrek erabaki dezakete pertsonaiak nola sentitzen diren. Era horretan, erakutsi nahi genien gure interakzioek eta emozioek badutela eragin bat gure ingurumenean eta besteongan. Abiapuntu ludiko batetik sortzen da joko interaktiboa, baina helburua da erakustea badaudela gauzak egiteko beste logika batzuk.

Ilustratzaile moduan zein izan da zure erronkarik handiena?

Marrazkilari gisa bizitzea bere horretan erronka bat da, baina zailtasunik handiena nire sorkuntza propioari lekua ematea dela esango nuke. Urte hauetan lanak herrestan eraman nau eta beti besteentzako marrazten egon naiz. Horri lotuta, argitaletxe bateri lotuta ez dauden lanak zabaltzea ere oso zaila izaten da, jendearengana iristea kostatzen delako. Horregatik, orain, niretzako erronkarik handiena da ez galtzea bakardadean eta intimitatean marrazteko gogoa.

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun