Egoitzaren beharren zehaztapena Getxoko Udalak bultzatutako lankidetza-prozesu baten emaitza da. Prozesu horretan udalerriko 50 emakume baino gehiagok parte hartu dute, topaketa, hitzaldi eta eztabaida-talde batzuen bidez. Prozesu horretan beharrak, nahiak eta iritziak identifikatu dituzte parte hartzaileek, eta etorkizuneko Emakumeen Etxearen diseinua, balioak eta helburuak ere zehaztu dituzte. Horren ondorioz, balio anitzeko guneak proposatu dira, eta bertan berdintasunaren eta udal-zerbitzuen alde lan egiten duten pertsonak antolatuko dira, indarrak batzeko eta sinergiak sortzeko gunea izango delako.
"Getxoko Emakumeen Etxea aspaldidanik eskatzen den proiektu komunitarioa da, eta azkenean argia ikusiko du. Getxoko emakume guztiek eta guztientzat eraikitako gunea, elkar banatzeko, elkartzeko, laguntzeko eta elkarrekin hausnartzeko gunea. Emakumeentzako erreferentziazko eta ahalduntzeko leku bat, sareak eta aliantzak ehuntzeko eta emakumeen eta gizonen benetako berdintasunerantz aurrera egitea ahalbidetuko diguten sinergiak sortzeko", nabarmendu du Carmen Diaz, Gizarte Kohesioko zinegotziak.
Etxeak elkarbizitzarako gune bat izango du, egongela eta sukaldeagaz, liburutegi bat eta funtzio anitzeko areto batzuk, non Jabekuntza Eskolako jarduerak izango diren, baita tailerrak, hitzaldiak, jardunaldiak, topaketak eta askotariko jarduerak ere. Haurtzaindegi gune bat ere izango du, eta bere bulegoetan Berdintasunerako Udal Zerbitzua egongo da.