Lope de Vegako auzia

Lope de Vega kaleko eraikinak guztiz bota arte borrokan jarraituko dutela iragarri dute auzokideek

Nahia Martinez Gondra · Iker Rincon Moreno 2023ko ots. 21a, 12:38

Hainbat auzokidek protesta egin dute gaur ere, eraikinen eraistearen kontra.

Atzo, astelehenean, hasi ziren Itzubaltzeta/Romoko Lope de Vega kaleko 12 zenbakiko eraikinak botatzeko lanak, bertan belaunaldien arteko zentro berria eraikitzeko asmoz. Eraisketa-lanak ekidite aldera, hainbat protesta egin dituzte auzokideek egunotan, baita martitzen honetan ere. Gaurkoan, Bizkaiko Foru Aldundiak bidalitako langileak eraikinetara sartzea ekiditen saiatu dira goizean goizetik, inguruko kaleak oztopatuz. Ertzaintza bideak zabaltzen aritu da, eta pertsona bat atxilotu eta beste hainbat identifikatu ditu.

Aurreko astean egin duten bezala, gaurkoan ere Lope de Vega kaleko 12 zenbakiko eraikinak eraistearen kontrako protesta egin dute hainbat auzokidek Itzubaltzeta/Romon. Goizeko 07:30ean batu dira hainbat gizon-emakume Santa Eugenia plazan, eta, ondoren, Gobelaurre kalera gerturatu dira, Bizkaiko Foru Aldundiak bidalitako enpresako langileak, makinak eta kamioiak eraikinetarako sarbidea oztopatzeko eta euren aldarrikapenak zabaltzeko.

Paco Rama Ibar Nagusien Etxea elkarteko presidenteak iragarri duenez, protestan jarraituko dute eraikinak guztiz botata dauden arte. Bide berean, Joseba Lekunberri eraikinon eraistearen kontrako Romo Plataformako kideak azpimarratu du euren asmoa borrokan jarraitzea dela era, eta jakinarazi du arrastiko 19:00etako elkarretaratzearen ondoren datozen egunotarako bide-orria osatuko dutela auzokideen artean.

Gaur, martitzenean, Ertzaintza Lope de Vega kale osoa moztu du, eta agenteak inguruak zelatatzen aritu dira, baita protestan aritu direnak disolbatzen saiatu ere, beharginen sarbidea bermatzeko asmoz. Hala, goizeko 08:00ak aldera, Gobelaurre eta Lope de Vega kaleko bidegurutzean, dozenaka ekintzailek errepidea oztopatu dute, zebrabidean jarrita, zutik eta geldi. Ekintzaileek ez dute erresistentziarik jarri, eta, bultzaka bada ere, ertzainek langileei bidea zabaldu diete.

Jarraian, zebrabidea igarotzen ari zen pertsona bat hartu eta atxilotuta eraman dute poliziek, baita beste bat identifikatu ere, agintaritzaren aurkako atentatua. Une horretan, auzokideek atxiloketa galarazten saiatu dira, eta tentsio-uneak bizi izan dira alde bien artean; ertzainak borra-kolpeka hasi dira auzokideen kontra, atxilotua kotxera eroan ahal izateko.

Ordu erdi beranduago, 08:30ean, obra-hondakinak jasotzeko kamioiaren sarrera oztopatzen ari zirela, ertzainek beste pertsona bat atxiki eta identifikatu du, protesta egiteagatik. Auzokideek jakinarazi dutenez, azken auzokide horri salaketa jarriko omen diote, poliziak iraintzea egotzita.
Protesta amaituta, HIRUKAko kazetaria lekutik alde egiten ari zela, poliziek hura atxiki, geldiarazi, identifikazioa eskatu eta mugikorra ez erabiltzeko ohartarazi diote. Une horretan, bultzaka, prentsa-karnetak balio ez zuelakoan, NAN-a ateratzeko eskatu diote, eta halaxe egin du.

Erlazionatuak

Lope de Vega kaleko eraikinak botatzeko lanak hasi dituzte

Hodei Torres · Ander Zarraga 2023 ots 20 Getxo

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun