Gaur goizean, hilak 20, makina astunak lanean hasi dira Itzulbaltzeta/Romoko Lope de Vega kaleko 12 zenbakiko eraikinak eraisteko. Goizaldetik, 06:30ak ingurutik, Ertzaintzaren hainbat agentek kalea eta inguruko sarbideak itxi dituzte, baita bertako bizilagunen sarbidea eragotzi ere, aurreko astean hainbat herritarrek
Aurreko barikuan, EAEko auzitegietako bidea agortuta, Itzubaltzeta/Romoko Lope de Vega kaleko 12 zenbakian dauden eraikinak babestearen aldeko plataformak Espainiako Auzitegi Gorenean helegitea jarri zuen. "Bai Getxoko Udalari bai Aldundiari jakinarazi diegu helegitea jarrita zegoela, baina berdin izan zaie eta ez dituzte urratsak errespetatu eta eraisketagaz jarraitu dute", deitoratu du Paco Ramak, Ibar Nagusien Etxeko presidenteak. Gaineratu duenez, aurreko astean hasi ziren eraikina barrutik desegiten, baina gaur gauez etorri dira: "Ez genuen espero hain azkar izatea, legearekiko errespetu gehiago espero genuen".
Lope de Vega kaleko eraikina botatzeko lanak hasi dituzte
— Hiruka (@HirukaEus) February 20, 2023
https://t.co/7amNfn4hJi pic.twitter.com/vTv9skmsoi
Goizak aurrera egin ahala dozenaka auzokide batu dira Lope de Vega eta Kresaltzu kaleen arteko bidegurutzean, poliziak ezarritako lerroaren bestaldean. Protesta egiten ari ziren batzuek hesia zeharkatu dute eta eserialdia egin dute babestu gura zuten eraikinaren ondoan. Tentsioa piztu da agenteak hesia gainditu eta eserita zeudenak indarrez ateratzen hasi direnean, eta, azkenean, horietako bat atxilotuta ere eraman dute.
Iragarri dutenez, 17:00etan atxilotuari elkartasuna adierazteko elkarretaratzea egingo dute Getxoko epaitegiaren atarian, eta, 19:00etan, mobilizazio gehiago prestatzeko elkartuko dira Santa Eugenia plazan.
Bitartean, makinek lanean jarraitzen dute eta daborduko Lope de Vega kaleko eraikinetako parterik txikiena desagertu da. "Gimnasioa, ile-apaindegia, fisioa eta bulegoak zeuden lekua ez da existitzen eta, horrela jarraituz gero, laster ez da ezer geratuko", deitoratu du Ramak.
Ertzaintza protestan ari zirenen aurka oldartu da eta hesiaren kontra zeuden pertsonak atera dituzte, gutxienez horietako bat atxilotuz pic.twitter.com/mzETnVhjHG
— Hiruka (@HirukaEus) February 20, 2023
Domekako manifestazioa
Atzo, hilak 19, ehunka bizilagunek manifestazioa egin zuten Itzulbatzeta/Romoko kaleetatik edozein unetan gertatu zitekeen eraisketa salatu eta eraikinak babestea aldarrikatzeko. "Auzotarren kemenak instituzioetan zein kalean aurre egiten dienean, erantzuna errepresio bortitza da, istiluen aurkako polizia armamentu osoa erabiliz, gaizkile arriskutsuei aurre egingo baliete bezala, eta ez beren eskubideen defendatzaile baketsuei", aldarrikatu zuten mobilizazioaren osteko manifestuan, azpimarratuz, "eskubideak, ez emandako baimenak" ari direla defendatzen.
Halaber, "gazteek euren bizitzak eta aisialdia egokien deritzoten moduan kudeatzeko duten eskubidea" ere aldarrikatu zuten, auzoak nagusien etxe duin eta autogestionatu bat behar duela azpimarratuz. Baina ez hori bakarrik, daborduko inguruko udalerrietara joan behar diren gazteentzako gaztetxe bat ere eskatu zuten, "erre zutena ordezkatuko duena, eta eskubidez ditugun zerbitzu guztiakaz".
Bukatzeko, eraikinaren defentsak belaunaldien artan sortu duen aliantza ere goraipatu zuten, orain arte egindako protestetan ohikoa baitzen nagusiak zein gazteak Lope de Vega kaleko 12 zenbakiko eraikina defendatzen. Ezin ahaztu 2020ra arte eraikinak gaztetxea hartzen zuela, Udal Euskaltegi zaharrean, beraz, adinekoak zein gazteak eraikin berean elkartzen ziren, Udalak hori eraitsi eta belaunaldien arteko zentro bat egitea erabaki zuen arte.
Itzubaltzeta/Romoko Lope de Vega kaleko 12 zenbakiko eraikinen eta, bereziki, nagusien etxearen, eraisketa gelditzea eskatu dute gaur ehunaka auzokidek.
— Hiruka (@HirukaEus) February 19, 2023
Manifestazio jendetsua egin dute auzoko kaleetan. pic.twitter.com/53pN6Z77Mb