Ez da orkestragaz lan egiten duzun lehen aldia, baina oraingoa ezberdina da, ezta?
Oraingoan ezberdina izango da, bai. Izan ere, orkestrak nire kantutegia joko du osotasunean, horrek dakarren pisuarekin. Horrez gain, Muxikebarrin estreinakoz jotzeak sekulako poza ematen dit.
Bilboko Orkestra Sinfonikoagaz batera zure abestiak jotzea amets bat betetzea baino zerbait gehiago izango da, ezta?
Ametsa da, bai. Inoiz bizitzan imajinatu izan dudana eta orain bizitzen ari naizena. Lehenago ere aukeraren bat izan genuen beste orkestra batekin zerbait egiteko, baina hutsean geratu zen ahalegin hura; oraingoan aurrera egin izanak poz bikoitza eragin dit.
Besteak beste, Bingen Mendizabal konpositorearen lana izan duzu zeregin horretarako; nor da bera eta nolakoa izan da prozesua?
Bingen soinu banden munduan karrera luzea egindako konpositorea da, Juanma Bajo, Enrique Urbizu, Mariano Barroso, Montxo Armendariz eta gisa horretako zuzendariekin sarri lan egindakoa. Aldi berean, nirekin taldean urte askoz ibilitako lagun handia da. Bera baino pertsona egokiagorik ezin nezakeen topa egitasmo honetarako. Iker Sanchez Silva zuzendariak eta Koldo Uriartek produktoreak borobildu dute nire ustez lantalde bikaina izan dena.
25 urteko ibilbidea arrakasten eta hutsegiteen gehiketa bat dela aipatu zenuen aurkezpenean, emanaldiko 15 kanta horiek ibilbide bateko arrakastaren erakusgarriak dira?
Ibilbide luze baten erakusgarri dira, bai. Esana daukat lehenago, kanpo geratu diren hamarnaka kantuen ordezkari ere badirela.
Urte erdi igaro da lehen emanaldiak eta diskoa aurkeztu zenituztenetik, berrikuntzarik egongo da zapatuko emanaldian?
Aste Nagusian eman genuen kontzertuaren errepertorio bera eramango dugu. Hori bai, kontzertu guztiak desberdinak dira, beraz, zapatukoa, esan gabe doa ere ez dela aurrekoak bezalakoa izango.