Gizon bat atxilotu dute Getxon emakume bati sexu-erasoa egitea egotzita

Nahia Martinez Gondra 2023ko ots. 28a, 11:52

Ertzaintzak 28 urteko gizon bat atxilotu zuen domekan, hilaren 26an, Getxon, emakume bati sexu-erasoa egitea leporatuta. Eusko Jaurlaritzako Segurtasun Sailak jakitera eman duenez, erasoa kalean gertatu zen, zapatu goizaldean, eta, domekan, Ertzaintzak gizona aurkitu eta atxilotu egin zuen.

Eusko Jaurlaritzako Segurtasun Sailak jakinarazi duenez, sexu-erasoaren ustezko egileak ihes egin zuen emakumeari eraso egin eta gero. Anbulantzia bateko osasun-langileek artatu zuten emakumea zapatu goizaldean, eta, ondoren, ospitalera eraman zuten. Bitartean, ertzainek beharrezkoa zen informazioa jaso zuten ustezko erasotzailea identifikatzeko eta gertatutakoa argitzeko.

Astelehenean, polizia-izapideak amaituta, Getxoko Guardiako Epaitegian aurkeztu zuten atxilotua, eta bertan aske utzi zuten emakumearekiko 200 metroko urruntze-neurri bat ezarri ondoren.

Erasoa gaitzesteko elkarretaratzea

Sexu-erasoa publikoki salatzeko asmoz, elkarretaratzea deitu du biharko, martxoaren 1erako, Algortako Mugimendu Feministak. Hitzordua arrastiko 19:00etan jarri dute, Telletxe plazan.

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun