Algortako Trinitarioak

Benigno Zaballa: "Ez dute gure iritzia kontuan hartu"

Nahia Martinez Gondra 2023ko mar. 2a, 14:03

Argia Fundazioaren egoitza, Trinitarioen elizaren ondoan.

Gaur, martxoaren 2a, Algortako trinitarioak Hiri Antolamenduko Plan Orokorraren (HAPO) kontrako sinadura-bilketa egiten ari dira Algortako Trinitarioen elizan. Izan ere, Trinitarioetako lurzoru urbanizatuari lotutako jarduketak euren eremuak murriztea aurreikusten ditu, eta, ondorioz, deitoratu dute Argia Fundazioak ezingo duela gaixoakaz egiten duen lanagaz jarraitu.

Algortako trinitarioetako Benigno Zaballak adierazi duenez, gaurko sinadura-bilketa honegaz lortu gura dute herriak jakitea Udalak eskuartean zer duen gure elizari dagokionez: "Parrokiako eta Argia Fundazioko eremuko lekuetan hainbat etxe egin nahi dituzte, eta zaintzen ditugun gaixoak San Martin eskolara lekualdatu. Gure ikuspuntutik hori onartezina da, eta horregatik gaude borrokan".

Gainera, Zaballak azpimarratu du Udalak ez duela haien hitza kontuan hartu. "Bildu ginenean, Getxoko alkateak esan zidan jada plana Udalean onartuta zegoela, gure iritzia kontuan hartu gabe. Haiek argudiatu zuten plan hau herriaren onerako zela". Bestalde, Algortako trinitarioak gogor salatu du HAPOaren atzean Udalak dituen interesak: "Argi dagoena da eurek nahi dutena egingo dutela: etxeak egin, kobratu eta hor konpon besteon iritzia".

Gaurko sinadura-bilketara jende andana hurbildu dela ere adierazi du Zaballak: "Tantaka-tantaka etorri da jendea sinatzera, izan ere, gehienek ez zekiten ezer ez. Horregatik, domeketan, elizan, informazioa zabaltzeaz arduratzen gara".

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun