"Espazio publikoa okupatzea" da Getxoko Udalak abiatutako martxoaren 8rako kanpainaren helburua

Erredakzioa 2023ko mar. 6a, 11:31

Getxoko emakumeek eremu publikoa okupatzearen garrantzia azpimarratzea da Getxoko Udalak martxoaren 8rako, Emakumeen Nazioarteko Egunerako, antolatutako sentsibilizazio-kanpainaren helburua. Aldi berean, Getxoko Emakumeen Etxeari balioa emango zaio, ahalduntze pertsonala eta kolektiboa elkarregaz lortzeko topaleku eta tresna gisa. 

“Aurten ere, Emakumeen Nazioarteko Egunean, Udalak gogorarazi nahi du, aurrerapenak aurrerapen, oraindik ibilbide luzea dugula emakumeen eta gizonen arteko berdintasun eraginkorra lortzeko. Aurten, arreta berezia eskainiko diogu espazio publikoaren okupazioari, funtsezko alderdia baita gizarte justu eta berdintasunezkoa, eraso matxistarik gabekoa, lortzeko bidean aurrera egin nahi badugu”, azpimarratu du Amaia Agirre alkateak.

Kanpainak, une honetan, Udala egokitzen ari den Emakumeen Etxearen ezaugarriak erakutsi gura ditu, 50 emakume baino gehiagoren parte-hartzeagaz definitzeko egindako lankidetza-prozesu baten ondoren. Abian jartzea iritsi bitartean, Itzubaltzeta/Romoko Santa Eugenia plazan 480 metro koadro hartu dituzten binilo anti-irristakor batzuetan ikusi ahal izango da haren plano erreala, martxoaren 13ra arte. Metro-geltokietan ere kartelak jarri dituzte, “espazio publikoa okupatzearen garrantzia nabarmenduko duten mezuekin; izan ere, historikoki, emakumeak eremu pribatura mugatuta egon dira, zaintzaz oraindik ere arduratzen zirelako eta arduratzen direlako, eta eremu publikoa delako, hain zuzen ere, emakumeoi eskubide zibil eta politikoak ematen dizkiguna. Ildo horretan, eskubide horiek eta aukera-berdintasuna aldarrikatu nahi ditugu, espazio guztiak berdintasun-baldintzetan betetzeko eta, era berean, emakumeen talentua eta jakintzak ikusarazteko. Hori dela eta, Emakumeen Etxea kalean erakutsi nahi izan dugu, benetako tamainan, herritarrek ezagut dezaten. Emakume getxoztarrak herriko hainbat lekutan ere ikusgai jarriko ditugu”, azaldu du Carmen Diazek, Gizarte Kohesioko zinegotziak.

Ginkana eta album komunitarioa

Bestalde, martxoaren 9an, 17:00etatik 19:00etara, aipatutako planoan elkarte, kolektibo eta herritarrei zuzendutako ginkana feminista bat egingo dute, eta horretarako izen-ematea zurekinbat@emargi.eus helbidean egin beharko da. Helburua da Emakumeen Etxea ezagutaraztea, familien erantzunkidetasunean eragitea eta balio etiko feministak nabarmentzea.

Azkenik, eta espazioaren okupazioaren beste erakusgarri gisa, udal artxiboko eta emakumeek bidalitako argazkien (egungoak eta zaharrak) erakusketa-kollage bat jarriko dute ikusgai, bi totemetan, martxoaren 7tik 14ra, bata Algortako Telletxe plazan eta bestea Areetako Eskoletako plazan.

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun